Gizartea -

Irregulartasunak

Santa Marinan txertoa hartu zuen CCOO sindikatuko ordezkaria kargutik kendu dute

ELA eta UGT sindikatuek, berriz, beren ordezkariei txertoa jarri izana babestu dute. LABeko ordezkariak ez zuen txertorik hartu.

Santa Marina ospitalea. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Santa Marina ospitalea.
Santa Marina ospitalea. ETBko bideo batetik hartutako irudia

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakinarazi duenez, Santa Marina ospitalean Jose Luis Sabas zuzendariaz gain, beste 16 pertsonak hartu zuten covid-19ari aurre egiteko txertoa, ez zegokien arren. Horien artean lau ordezkari sindikal daude, besteak beste.

Informazio hori publiko egin ostean, CCOO sindikatuak erietxe horretan duen ordezkaria kargutik kendu duela jakinarazi du. ELA eta UGT sindikatuek, berriz, beren ordezkariei txertoa eman izana babestu dute. Eta LABek argitu du bere ordezkariak ez duela txertorik hartu.  

"Txertaketarako protokoloa urratzea larria da eta neurriak hartu behar izan ditugu", adierazi du ohar baten bidez CCOOk, eta Osasun Sailari auzi honetan “maila bera” eman dezala exijitu dio.

Eusko Jaurlaritzak txertaketarako protokoloa argitu eta gardentasunez jokatu behar duela azpimarratu du.

ELA sindikatuak azaldu duenez, bere ordezkaria ospitaleko Osasun eta Segurtasun Batzordeko bilera batean zegoenean, Santa Marianan lantalde guztiari eta normalean zentroan egoten diren pertsona guztiei txertoa jarriko zietela jakinarazi zioten.   

"Zuzendaritzak aginduta, txertoa berehala jartzea komeni zela esan zioten, bere lana segurtasunez egiteko eta ospitalea babesteko, ordurako erietxeko langile guztiek txertoa hartu zutela ziurtatuta; eta bilera amaitu ostean hala egin zuen", erantsi dute.

Informazio hori zabalduta Sagarduik "arreta desbideratu" nahi duela salatu dute. "Toki batzuetan txertaketarako protokoloa ez da bete eta horrek erakusten du Osasun Sailaren kudeaketa txarra izaten ari dela", kritikatu dute.  

Horrela, bada, Osasun sailburuari ardura bere gain hartzeko eskatu diote, Santa Marinan eta Basurtun gertatutakoa "planifikazio faltaren eta kudeaketa txarraren" ondorio dela iritzita.

Euskadiko UGTk ere antzeko adierazpenak egin ditu eta esan du Sagarduik ezin duela auzi honetan beste aldera begiratu.

"Osasun zentroetan dauden gure ordezkari sindikalek zentro horietako prebentzio taldeek agintzen dutenean jarri dute txertoa. Ez dugu publiko egin behar, ezta ezkutatu ere. Laneko arriskuen prebentziorako taldeen irizpideak jarraitzen ditugu eta oraingoa ere hala izan da. Ez dugu inolako presiorik egin txertoa jar diezaieten", azpimarratu du sindikatuak ohar batean.  

Bestalde, LAB sindikatuak argitu du bere ordezkariak ez duela covid-19aren aurkako txertoa hartu.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa