Gizartea -
Igande honetan
Sei gizonezko atxilotu dituzte EAEn genero indarkeria leporatuta
Atxilotuei haien bikotekideei eraso egitea eta urruntze aginduak urratzea egotzi dizkiete.
Erredakzioa
Ertzaintzak sei gizonezko atxilotu ditu igande honetan EAEn haien bikotekideei eraso egitegatik eta urruntze aginduak urratzeagatik.
01:30ean Ertzaintzako patruila bat Gasteizko Guardiako Koadrila kalera bertaratu da, kalean eraso bat ematen ari zelakoan. Dirudienez, 27 urteko bikotekideak emakumeari eraso egin zion. Ondorioz, biktima Txagorritxuko Ospitalera eraman eta gizonezkoa atxilotu zuten.
Igande honetako 18:00etan auzokide batek Ertzaintza deitu zuen Barakaldoko Gurutzeta Plazan genero indarkeria kasu bat ematen ari zelako. Emakumeak ertzainei azaldu zienez, 31 urteko bikotekideak eraso egin zion eta egunero mehatxuak eta tratu txarrak pairatzen zituela aitortu zuen. Ondorioz, Ertzaintzak gizonezkoa atxilotu zuen.
19:00etan beste eraso baten berri eman zuen beste auzokide batek Trapagaranen (Bizkaia). 25 urteko ustezko erasotzaileak lekua utzi zuen ibilgailu batean eta apur bat beranduago, Ertzaintzak atxilotu zuen Ortuellan.
Halaber, igande honetako azken orduan, emakume batek tratu txar psikologikoak jasotzen zituela salatu zuen Irungo Ertzain-etxean. Patruila bat emakumezkoaren etxera hurbildu zen eta 68 urteko ustezko erasotzailea atxilotu zuen.
Gainera, beste bi gizonezko atxilotu zituzten haien aurka ezarrita zeuden urruntze aginduak urratu ostean: bata, 53 urtekoa, Barakaldon atxilotu zuten eta bestea, 28 urtekoa, Gasteizen.