Gizartea -

KORONABIRUSA

Baliteke CureVac botika-etxearen txertoa urte amaieran merkaturatzea

Biodonostia eta Biocruces Bizkaia institutuek astelehen honetan ekin diote CureVac txertoaren eraginkortasuna eta segurtasuna egiaztatuko duen nazioarteko entsegu klinikoari.

Baliteke CureVac txertoa urte amaieran merkaturatzeaEiTBren bideo batetik ateratako irudia
Baliteke CureVac botika-etxearen txertoa urte amaieran merkaturatzea
Baliteke CureVac txertoa urte amaieran merkaturatzeaEiTBren bideo batetik ateratako irudia

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CureVac botika-etxearen koronabirusaren aurkako txertoa urte amaieran merkaturatu daitekeela uste du BioCruces Bizkaia Institutuko koordinatzaile zientifiko eta CureVaceko enpresako ikertzaile nagusi den Eunate Aranarrik. Haren hitzetan, "txerto hori baimentzeko azken txanpan gaude, ikerketaren azken fasean" eta orain arte emaitzak "oso onak" izan direla gaineratu du. Bestela, Sendagaien Europako Agentziak "ez luke utziko azterketa egiten". Aldi berean, "segurua" dela ziurtatu du.

Europar Batasunak "txerto sorta garrantzitsu bat erosteko akordioa sinatu du CureVac eta Bayerrekin", esan du Aranarrik. Osakidetzako Biodonostia eta Biocruces Bizkaiak nazioarteko entsegu klinikoa hasi dute astelehen honetan, Curevac farmazialari alemaniarrak garatu eta sustatutako koronabirusaren aurkako txertoaren eraginkortasuna eta segurtasuna probatzeko.

Alemaniako botika-etxeak RNA mezulari bidezko txertoa garatu du, Pfizer eta Moderna etxeek erabili duten sistema bera.

Eunate Aranarrik hedabideekin egindako topaketa batean azaldu duenez, BioCruces Bizkaian "ilusio handiarekin" hasiko dira gaur entsegu klinikoa egiten, lau pertsonarekin. Aranarrik azaldu duenez, bai BioCrucesen bai Biodonostian, hilabetez, 50 boluntario sartuko dira egunero entseguetan. Zentro bakoitzetik 1.000 boluntario inguru igarotzea aurreikusten da.

Herritarren eta Osakidetzako langile guztien laguntza eskertu du. Dagoeneko boluntario nahikoa baduten arren, edozer gerta ere, izena emateko epea zabalik mantenduko dutela adierazi du.

Entsegu kliniko horretako parte-hartzaileak ausaz banatuko dira. Batzuek txertoa jasoko dute eta besteek, ostera, plazeboa. Parte-hartzaileak eta datu-bilketaz eta jarraipenaz arduratzen diren profesionalek ez dute jakingo subjektu bakoitza zein taldetakoa den.

Eunate Aranarriren esanetan, entseguak txerto dosi bi eskatzen ditu, 29 eguneko tartearekin. Lehen bisitan, entseguan parte har dezaketela egiaztatu ostean, dagokien medikazioa jarriko zaie. Bigarren dosia 29 egunera jasoko dute. Ondoren, 13 hilabetean zazpi bisita egin beharko dituzte osasun zentrora, kontrola eta jarraipena egiteko.

Parte-hartzaileek edozein unetan eskatu ahal izango dute entsegu klinikotik ateratzea eta txertoa edo plazeboa jaso zuten jakitea. Plazeboa jasotzen dutenei ere jarraipena egingo diete, "mediku talde baten kontrol zorrotzarekin", azpimarratu du Aranarrik. Entsegua amaitu bezain laster plazeboa jaso duten parte-hartzaileei txertoa jarriko zaiela gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Gaixotasunak argazkiak Gizartea Gaurko titularrak Eguneko albisteak Zientzia Osasun albisteak gaur Gurutzetako Ospitalea albisteak Sendagaiak Txertoak azken ordukoa Koronabirus-agerraldiak Farmaziak gaur