Gizartea -
Genero indarkeria
Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen bikotekideei eraso dietelakoan
Kasuetako batean, agenteek indarra erabili dute gizona atxilotzeko, "oso modu oldarkorrean" jo baitu haien aurka.
Erredakzioa
49 eta 25 urteko bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen genero indarkeria leporatuta, ustez bikotekideei erasotzearren. Gainera, kasuetako batean, agenteek indarra erabili behar izan dute gizona atxilotzeko, "oso modu oldarkorrean" jo baitu haien aurka.
Arabako hiriburuko Udaltzaingoak agiri baten azaldu duenez, asteazkenean patruila batek 49 urteko gizon bat atxilotu zuen Olagibel kalean, bikotekidea jotzen ari baitzen. Poliziak ikusi bezain laster, "bikotekidea ahaztu eta oldarkortasuna guztia" haiengana zuzendu zuen. Horren ondorioz, agenteek indarra erabili behar izan zuten gizona atxilotzeko, "honek ez baitzuen kasurik egiten lasai egoteko eskaerari".
Beste atxiloketa bat
Ordubete geroago, Bilbo plazan, udaltzainek 25 urteko beste gizon bat atxilotu zuten, herritar batek emakume bat jotzen ari zela ikusi eta gero. Atxilotu ostean, polizia egoitzara eraman zuten, beharrezko diligentziak bideratu eta epailearen aurrera eramateko.