Gizartea -

Pasaia eta Hondarribia artean

Gizonezko bat hil da ontzia Gipuzkoako uretan hondoratuta

Biktima goizean arrantzan bakarrik atera den 60 urteko donostiar bat izan liteke. Datu hori igandean konfirmatuko dute, autopsia amaitu ondoren.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizonezko bat hil egin da larunbat honetan bere ontzia Gipuzkoako uretan hondoratuta, Herriazaingo Sailak jakinarazitakoaren arabera. Oraindik ez dakite hildakoa nor den.

Lekuko batek eman du, lurretik, gertaeraren abisua. Larrialdietako Zerbitzuek 13:00 jotzear zeudela jaso dute informazioa eta Ertzaintza eta Gurutze Gorria bertara bidali ditu, Pasaia eta Hondarribia arteko uretara, hain zuzen.

Gurutze Gorriaren ontziak gizonezko bat erreskatatu du. Gizonak bihotz-biriken geldialdia zuen eta ezin izan dute suspertu.

Biktimaren hilotza Pasaiako portura eraman dute, eta handik Auzitegi-Medikuntza Zerbitzura, autopsia egiteko.

Identitatea, konfirmatzeke

Azken informazioen arabera, hildakoa 60 urteko donostiarra izan liteke, goizean bakarrik atera dena, arrantza egiten.

Hori da, hain zuzen, SOS Deiak Gipuzkoa zerbitzuak balizko biktimaren senideei adierazi diena, familiakoek senidearen desagerpena salatzera joan direnean. Familiakoek desgaertutako gizonaren ezaugarriak eman dituzte eta horiek bat egiten dute hildakoaren ezaugarriekin.

Hala ere, Herrizaingo Saileko iturriek Efe albiste agentziari emandako informazioaren arabera, biktimaren identifikazio ofiziala ez dute igandera arte emango, autopsia egin ondoren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea