Gizartea -
Iruñea
Epaile nafar batek ebatzi du herritarrek ezin dutela zuzenean igo polizia-ekintza bat
Epaileak uste du ez grabatzeko agindua ez dela bidegabea; bai, ordea, poliziaren jarduera grabatzera mugatuz gero.
agentziak | eitb media
Iruñeko epaile batek ebatzi du herritar batek sakelakoarekin polizia-operazio bat graba dezakeela, aginte-gehiegikeria galarazteko berme gisa, baina ezin duela zuzenean sare sozialetara igo, agentea "mediatikoki gehiegi agerrarazi" dezakeelako.
Ebazpenean hiru hilabeteko kartzela-zigorra jarri dio gizonezko bati, erresistentzia-delitu batengatik, mozkortuta egotearen aringarriarekin; horrez gain, udaltzain bati 125,28 euroko kalte-ordaina eman beharko dio.
Epaileak azaldu duenez, "grabaketarekin une horretan ez zen polizia-gehiegikeria bat galarazteko bermea izan nahi, baizik eta arrazoirik gabe lanean ari ziren agenteak mediatikoki agerraraztea, eta, bereziki, akusatuak gertutik grabatu zuen agentea, arrazoirik gabe sare sozialetan barrena zabaldu daitekeelako".
Horregatik uste du epaileak ez dela bidegabea grabazioa eteteko eskatzea; haatik, bidegabetzat joko luke akusatuak polizia-ekintza grabatu bakarrik eta sare sozialetan zabalduko zuela esan ez balu.
Epaileak herritarrari leporatzen dion jarrera ez du komunikabideekin aplikatzen, azken horiek informaziorako eskubidea dutelako.
Hori horrela, herritar batek polizia-ekintza bat graba dezakeela berretsi du, "polizia-gehiegikeriaz ohartarazteko edo hura galarazteko berme gisa". "Baina ezin dena egin da datuak eta irudiak irregularki erabiltzea, eta horixe erakusten du berehala sare sozialetan zabalduko duela esan izanak", gaineratu du.
Azaroaren 7an, 23:30 aldera, akusatua lagun batzuekin zegoen garagardo batzuk edaten Erletokieta kalearen eta Zaragoza etorbidearen bidegurutzean, eta agente batzuk gerturatu zitzaizkien identifikatu eta osasun-araudia urratzeagatik isuna jartzeko.
Akusatua polizia-ekintza grabatzen hasi zen sakelako telefonoarekin, agenteak iraindu eta irudiak sare sozialetara igoko zituela esan bitartean. Hori dela eta, poliziek taldetik atera zuten, eta sakelakoarekin agentea gertutik grabatzen hasi zen.
Agenteak ez grabatzeko eskatu zion, baina "kasurik egiten ez zionez, telefonoa kendu egin zion; grabatzen ari zela ikusi zuenez, geratu egin zuen grabaketa eta itzuli egin zion mugikorra". Orduan, akusatuak "bultzakada handia" eman zion agenteari, eta gainerako poliziek atxiki zuten.