Publizitatea
Itxi

2021/02/17

12:39

Gizartea

Koronabirusa

Hasi da jada txertaketa Ertzaintzan eta osasun pribatuan

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Lehen fasean 4.500 agentek jasoko dute dosia, hau da, kolektiboaren % 60k. Horrez gain, IMQ Zorrotzaurre eta Erandioko Quiron lehen lerroko osasun langileak txertatzen jarraituko dute.

1:18
Ertzaintzaren txertaketa. ETBren bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gaur, asteazkena, abiatu du Ertzaintzako agenteei covid-19ari aurre egiteko txertoa jartzeko kanpaina.

Ertzaintzak 7.350 agente dauzka, gutxi gorabehera, eta Osakidetzak AstraZenecaren 4.500 dosi bideratuko dizkio. Hala, lehendabiziko fasean, lantaldearen % 60 baino gehiago txertatuko dute.

Hasteko, lehen lerroan lan egiten duten eta koronabirusarekin kutsatzeko arriskua duten agenteei jarriko diete txertoa. Zehazki, kalean lan egiten duten eta herritarrekin etengabeko harremanean dauden ertzainak dira. Lehen talde horretan, Trafikoko, Herritarren Babeseko, Brigada Mugikorreko eta Zaintza eta Erreskateko unitateko agenteak daude: 3.280 ertzain, guztira. Bigarren taldean, Genero eta Etxeko Indarkeria ataleko eta Ikerketako eta Polizia Judizialeko ertzainak daude. Hirugarren taldea unitate espezifikoetako 232 ertzainek osatzen dute, eta txertoa jartzeko lehenengo fasea horiekin amaituko da. Bukatutakoan, 4.508 agente txertatuta geratuko dira.

Txertaketa kanpaina Erandioko, Oiartzungo eta Arkautiko polizia-etxeetan egingo dute. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren arabera, hiru egoitzetan azpiegitura eta baliabide "egokiak" dituzte horretarako.

Segurtasun Saileko bederatzi erizainek Osakidetzaren trebakuntza berezia jaso dute txertoa emateko.

Eusko Jaurlaritzak aurreikusi duenez, egunean 300-400 dosi jarriko dituzte, eta, ondorioz, lehen faseak 2-3 aste iraungo du.

Txertaketa ospitale pribatuetan

Ertzainei ez ezik, gaur hasi dira txertoa jartzen osasun pribatuko lehen lerroko profesionalei. Gaurkoan IMQ Zorrotzaurre eta Erandioko Quiron ospitaleetako langileen txanda izan da eta txertaketa hainbat egunez luzatuko da.

IMQ Zorrotzaurrek Moderna txertoaren 450 dosi jaso zituen atzo, eta datorren igandera arte lehen mailako langileei jarriko die txertoa. Hainbat txerto jaso dituzte, lehen dosia jaso dutenek bigarrena ere hartuko dutela bermatzeko.

Koronabirusaren aurkako txertoa hartzen lehenak hauek izan dira: larrialdietakoak, koronabirusa duten gaixoen ospitaleratze unitateetakoak, eta laginak ateratzen eta gaixo zaurgarrien arretan lan egiten dutenak.

Zorrotzaurreko arduradunek datozen asteetan jasotzea espero dute gainerako langileak txertatzeko beharrezkoak diren dosiak.

ErNEk auzitegian salatuko du txertaketa plana

Bestalde, ErNE sindikatuak jakinarazi du auzitara joko duela 55 urtetik gorako 2.000 agenteentzat eta koronabirusa igaro duten 500 bat polizientzat txertaketa planik ez dagoelako.

ErNEk esan du dosi nahikorik ez egoteak ezin duela justifikatu txertaketa prozesuan izaten ari den "deskoordinazioa", eta gogora ekarri du beste hainbat sindikatuk eta erakundek ere salatu dutela kanpaina "kaotikoa eta penagarria" izaten ari dela.

ErNEk azaldu duenez, puntu gatazkatsua ondokoa da: "AstraZenecaren txertoa 18 eta 55 urte arteko pertsonei zuzenduta dagoenez, 55 urtetik gorako 2.040 ertzain dosirik hartu gabe geratuko direla, baita gaitza igaro duten 500 agenteak ere".

Sindikatuaren arabera, Eusko Jaurlaritza "inprobisatzen" eta, ondorioz, "langileen osasuna arriskuan" jartzen ari da. Hortaz, auzitegian salaketa jartzea erabaki du.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena