Gizartea -

GIPUZKOA

26 urteko kartzela zigorra eskatu dute gizon batentzat, ama bortxatzea egotzita

51 urteko gizonezkoa aske dago, epaiketaren zain, eta 72 urteko emakumeak ondorio psikologikoak ditu. Salatutako gertaerak 2018ko martxoa eta apirila bitartean jazo ziren.

EITB MEDIA | EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Fiskaltzak 26 urteko kartzela zigorra eskatu du gizon batentzat, 72 urteko amari tratu txarrak ematea, mehatxu egitea eta bortxatzea leporatuta.

Fiskaltzaren akusazio idatziaren arabera, salatutako gertaerak 2018ko martxoa eta apirila bitartean jazo ziren, eta, tarte horretan, auzipetuak eztabaidak izan zituen "sarritan" amarekin. Are gehiago, bera eta txakurra hiltzeko mehatxua egin zion.

Zehazki, 2018ko apirilaren 18an, ahoa estali zion, eta aurpegian, bularrean eta buruan hainbat kolpe eman zizkion.

Antza denez, drogak hartzeagatik buruko nahasmendua duen gizona hiru aldiz sartu zen tarte horretan amaren ohean, "sexu harremanak izateko asmoz". Lehenengoan bortxatu egin zuen, bigarrenean ukituak egin zizkion eta hirugarrenean "ez zuen kontaktu fisikorik izan", biktimak agertutako erresistentzia "estuagatik".

Gertakari horiengatik 19 urteko espetxe zigorra eskatu du akusazio partikularrak. Emakumeari "kalte psikologikoak" eragin dizkio semearen jokabideak.

Esan bezala, 2018ko apirilaren 18an jarri zuen salaketa biktimak, eta egun berean emakumea babesteko agindua eman zuen Donostiako epaitegi batek.

Akusazio partikularrak eta Fiskaltzak, bestalde, erasotzailea "berehala" espetxeratzeko eskatu zuten urtarrilean, epaiketa egin arte preso egon behar zela iritzita. Aitzitik, Gipuzkoako Auzitegiak ez zuen neurri horren alde egin, baina eskumuturreko baten bidez kontrolatzeko erabakia hartu zuen. Gaur egun, auzipetuak debekatuta dauka biktimarengana hurbiltzea eta harekin hitz egitea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Gaurko albisteak Gipuzkoa EAE Epaiketak argazkiak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Abokatuak