Gizartea -

KORONABIRUSA

Europar Batasunak Moderna txertoaren 300 milioi dosi gehiago jasoko ditu

Farmazialari estatubatuarrarekin iaz adostutako 160 milioi dosiei gehituko zaizkie. Bestalde, Pfizer eta BioNtech enpresek EBri 200 milioi dosi gehigarri emango dizkietela iragarri dute.

Modernaren txertoa. Argazkia: EFE.
Modernaren txertoa
Modernarekin bigarren akordio bat sinatu du Batzordeak, 300 milioi dosi jasotzeko

1:14

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak akordioa lortu du asteazken honetan Moderna farmazialari estatubatuarrarekin, covid-19aren aurkako txertoaren 300 milioi dosi gehiago eskuratzeko, eta enpresarekin iaz adostutako 160 milioi dosiei gehituko zaizkie.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak prentsaurreko batean egin du iragarpena, koronabirusaren aldaera berrien aurkako txertoen ikerketa, ekoizpena eta baimena bultzatzeko Europar Batasunaren estrategia berria aurkezteko.

"Gaur, Europako Batzordeak bigarren kontratu bat onartu du Modernarekin, covid-19aren aurkako txertoaren 300 milioi dosi gehiago erosteko, albiste onak dira", adierazi du alemaniarrak.

Zehazki, 2021ean 150 milioi dosi erostea eta 2022an beste 150 milioi dosi erosteko aukera adostu du Europako Batzordeak AEBko laborategiarekin. Modernarekin egindako lehen kontratuan, txertoaren 160 milioi dosi hornituko zituela esan zuen EBk.

Moderna-txertoa Europar Batasunean baimendutako bigarrena izan zen, aurtengo urtarrilaren hasieran, eta ordutik blokeko herrialdeen artean banatzen eta Europako biztanleak hornitzen ari da.

Hain zuzen ere, konpainia farmazeutikoak Europako Batzordeari "atzerapen" batzuen ondorioz Europar Batasuneko estatu kideei otsailerako aurreikusitako dosien hornidura murriztu beharko diela jakinarazi eta egun batera iragarri dute, baina martxoan arazo horiek konpentsatuko dituela esan du.

Halaber, EBko estatuei txertoaren 200 milioi dosi gehigarri emango dizkietela iragarri dute asteazken honetan Pfizer eta BioNtech enpresek, Europar Batasuneko Gobernuarekin ere kontratua itxi ostean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Eguneko albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Farmaziak