Gizartea -
Alarma-egoera
Sagarduiren arabera, ostalaritzaren irekierak kutsatzeen beherakada geldiarazi dezake
Osasun sailburuak esan du beherako joaera egonkortzen ari dela, baina ohartarazi du egoera oso larria dela oraindik eta, beraz, berretsi egin du ez dela neurri murriztaileak arintzeko unea.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan du kezkatuta dagoela ostalaritzaren irekiera orokorrak pandemiaren bilakaera "ona" eta kutsatzeen beheranzko joera geldiaraztea eragin dezakeela uste duelako.
Eremu gorrian dauden udalerrietan tabernak eta jatetxeak ixteko agindua eman zuen Eusko Jaurlaritzak, baina duela hamar bat egun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi zuen neurri hori, ostalaritza elkarteek jarritako demanda bat onartuta.
Sailburuak adierazi du azken egunetan kutsatzeak beheraka egiten ari direla, baina ostalaritza berriro ireki izanak joera hori hautsi dezakeela ohartarazi du. Udalerri asko gune gorritik atera badira ere, beste asko intzidentzia-tasa handiarekin daudela azaldu du.
"Tabernetan eta jatetxeetan pertsona asko elkartzen dira, ohiko bizikidetza unitateetatik kanpo, eta jateko eta edateko musukoa kendu behar dute", gogoratu du.
"Birus honi buruz zerbait ikasi badugu, harreman sozialak ugarituz, ohiko bizikidetza unitateen burbuilak hautsita eta segurtasun neurriak erlaxatuta, askoz azkarrago kutsatzen dela da", azpimarratu du.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak pandemiari aurre egiteko neurriak arintzeko asmorik ez duela berretsi du, helburua azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 60 kasuko intzidentzia-tasa metatua delako eta Euskadi zifra horretatik "oso urrun" dagoelako.