Gizartea -
Droga-trafikoa
Kokaina kilo bat zeraman gizon bat atxilotu dute Iruñean
Ibilgailua modu irregularrean gidatzen ari zela ikusita geldiarazi ondoren, Foruzaingoak kokaina kilo bat aurkitu du kotxeko maletategian ezkutatuta.
EITB MEDIA
Foruzaingoko agenteek aurrekariak dituen gizon bat atxilotu dute droga-trafikoa egotzita. Atxilotuak kokaina kilo bat zeraman modu arriskutsuan gidatzen ari zen autoaren maletategian.
Gertakariak Iruñeko Ingurabidean jazo dira, patruilak era irregularrean zihoan auto bat ikusi ondoren. Gidaria sakelako telefonoa erabiltzen ari zen autoa gidatzen ari zen bitartean, eta bat-batean errei batetik bestera igaro eta abiadura murrizten ikusi dute, itxura batean inolako arrazoirik gabe, eta Foruzaingoaren patruila kamuflatu batekin talka egiteko zorian egon da.
Alto eman ondoren, agenteek gizona identifikatu dute, baina, oso urduri zegoela-eta susmoa hartuta, agenteek ibilgailua eta gidariak aldean zeramatzanak erregistratu dituzte. Itxura susmagarria zuen pakete handi bat aurkitu dute maletategian, eta kokaina kilo bat zela aitortu die gizonak.
Horren aurrean, gizona (Iruñeko 36 urteko bizilaguna da, eta droga-trafikoagatik aurrekariak ditu) atxilotu, eta polizia-etxera eraman dute. Ondoren, epaitegi batek kartzelatzeko agindua eman du.