Gizartea -

Klima aldaketa

Hegoafrikako Biltzarrak Kiotoko Protokoloa berritzea izango du helburu

Durbanek NBEko Klima Aldaketari buruzko XVII. Biltzarra hartuko du gaurtik aurrera. Krisi ekonomikoa eta planetaren tenperaturaren gorakada gelditzeko beharra izango dira egun hauetako protagonistak.

Hirietako kutsadura mintzagai izango dute Durbanen. Argazkia: EFE
Klima aldaketaren goi-bilera hasi da Durbanen (Hego Afrika)

01:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Krisi ekonomikoak eta planetaren tenperaturaren gorakada gelditzeko beharra protagonista izanda, Nazio Batuen Erakundeak sustatutako Klima Aldaketari buruzko XVII. Biltzarra hartuko du gaurtik hasita datorren abenduaren 9ra arte, Hegoafrikako Durban hiriak.

Datozen 12 egunetan, 200 herrialdeetako 200.000 ordezkari eta behatzaile inguru bilduko dira bertan, Kiotoko Protokoloa berritzen saiatzeko eta beroketa orokorraren ondorioz kalte handiak jaso ohi dituen Afrikako kontinenteari hitz egiteko aukera eskaintzeko.

Herrialde azaleratu den baina, aldi berean, kutsaduraren erdiaren erruduna den heinean, Hegoafrikako ordezkaritzak ere Afrikako jarrera defendatuko du. "Kiotoko Protokoloa berritzeko Afrikak dituen asmo guztien buru izango da Hegoafrika. Garapen jasangarriko helburuak lortzeko aukera da", adierazi du Edna Molewa Hegoafrikako talde negoziatzailearen arduradunak.

54 herrialdeek osatutako Talde Afrikarrak Kiotoko Protokoloa ordezkatuko duen akordio lotesle bat lortzea nahi du. Bere esanetan, herrialde garatuek esfortsu handienak egin beharko dituzte eta ekonomia ekologiko baterako trantsizioari dirua eman.

Hala ere, dirua lortzeko itxaropenak murriztu dira, Klimarako Funts Berdearen diseinuari oniritzia ematea AEBek errefusatu ostean. Funts honen abiapuntuan herrialde industrializatuek hartutako konpromisoa dago: honen arabera, 2020tik aurrera, herrialde industrializatu bakoitzak 100.000 milioi euro eman beharko lituzke urtero herrialde azaleratuetan klima aldaketari aurre egiteko proiektuak finantzatzeko.

Kanada, Errusia eta Japonia Kiotoren berritzearen aurka daude eta Txinak eta AEBek uko egin diote akordio lotesle bat adosteari. Hori dela eta, litekeena da bakarrik isurpenak murrizteko konpromiso batera iristea. Jacob Zuma Hegoafrikako presidenteak azpimarratu duenez, "Hegoafrikako Biltzarra zailtasunez beteriko ibilbidea izango da".

50.000 ekintzaile bilduko dira bertan

Halaber, talde ekologisten eta erakunde zibilen 50.000 ekintzaile inguru bilduko dira Durbanen. Izan ere, datorren abenduaren 3rako manifestazio handia prestatu dute. 2.000 Polizia agente inguru izango dira kaleetan, Biltzarraren eta hiriko esparru turistikoen segurtasuna bermatzeko.

Afrikako zenbait estatuburu bertaratzea espero da eta, gainera, hainbat pertsonai ospetsu izango dira bertan tartean, Leonardo Di Caprio, Angelina Jolie, Arnold Schwarzenegger eta Richard Branson. Bono U2 taldeko abeslaria ere gonbidatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea