Gizartea -

Euskara

Euskararen normalizazioa lortzeko bide bakarra independentzia dela uste du EHEk

Euskal Herrian Euskaraz eraberritzeko 'Ikusmira' dokumentua aurkeztu dute Usurbilen, eta aldarrikatu dute independentzia "euskaraz normaltasunez bizitzeko" bitartekoa dela.

EHEren ekitaldia Usurbilen. Argazkia: Euskal Herrian Euskaraz
EHEren ekitaldia Usurbilen.
EHEren ekitaldia Usurbilen. Argazkia: Euskal Herrian Euskaraz

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteak "argi eta garbi" aldarrikatu du Euskal Herriaren independentzia dela "euskaldunok euskaraz bizitzeko eta euskararen normalizazio osoa erdiesteko" modu bakarra.

EHEk elkartea eraberritzeko eta egokitzeko helburua duen 'Ikusmira' izeneko agiria aurkeztu du Usurbilen (Gipuzkoa), "Euskal Herriaren berreuskalduntzean jauzi egiteko" asmoz.

1979an EHEren sorreran parte hartu zuen Kontxi Erro izan da ekitaldian. Azaldu duenez, "mehatxuei aurre eginez, Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko eta normaltasunez euskaraz bizitzera iristeko ametsak" EHE sortzera bultzatu zuen. Usurbilgo ekitaldian, Ane Aizpurua EHEko gaur egungo kideak hartu du lekukoa, gogoratuz "asko geratzen dela oraindik euskara zaurgarritasun egoeratik atera eta euskaldunok normaltasun osoz bizi ahal izateko".

Zentzu horretan, bide bakarra independentzia dela esan du, "ez helburu gisa, baizik eta bitarteko gisa beti ere". Independentziaren bidez "euskararen lehentasunezko estatusa eraiki, normalizazio osoa erdiesteko beharrezko den hizkuntza politika burujabea bultzatu eta euskaldunok euskaraz normaltasunez bizitzea" nahi du EHEk.

Era berean, euskal herritarrek euskara ezagutzeko beharra azpimarratu du, eta gehitu du normalizazioa lortzeko ezinbestekoa dela lehentasunezkoa izatea.

Elkarteak aurkeztutako agirian jaso duenez, euskaldunek pairatzen duten "zapalketa estatu linguiziden Europaren eta patriarkatu kapitalistaren ondorioa" da, eta zentzu horretan, "zapalduon arteko elkartasuna eta aliantzak ezinbestekoak dira" guztien eskubideak bermatuta egon daitezen.

"Hizkuntzen arteko harreman-eredu berri bat" aldarrikatu du EHEk, non euskara hizkuntza komuna izanik hizkuntza-aniztasuna errespetatua eta zaindua izango den.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Gipuzkoako albisteak Gizartea Gaurko titularrak Usurbil Gaurko azken ordukoa