Gizartea -

EAEn

Emakumeek gizonen arreta bikoitza eskaintzen diete seme-alabei

Emakumeen laurdenak dio denbora gutxiegi duela bizitza pertsonalerako, aisialdirako edo formakuntzarako; hori dioten gizonezkoak, berriz, bostetik bat ere ez dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxetik kanpo lan egiten duten emakumeek egunero gizonen arreta bikoitza eskaintzen diete adingabeko seme-alabei eta mendekotasuna duten helduei.

Horixe da Eustatek 2010ean lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzeari buruz egin zuen inkestaren ondorio nagusia, Francisco Javier Forcada Eustaten zuzendariak Gasteizen emandako prentsaurreko batean azaldu duenez.

Etxetik kanpo lan egiten duten emakumeek bost ordu edo gehiago eskaintzen dituzte seme-alabak zaintzeari egunero, baina gizonezkoen % 52,4k bi ordu edo gutxiago. Zazpi gizonetik batek (% 15,2) soilik eskaintzen die seme-alabei emakumezkoek adina denbora.

Mendekotasuna duten senideei dagokienez, emakumezko langileen % 61,2k hiru ordu edo gehiago eskaintzen die egunero, eta portzentaia hori % 26,7ra jaisten da gizonen kasuan.

Arduren desberdintasun hori agerian uzten duen datu bat eman du Eustatek: emakumezkoen laurdena ez da gustura agertu bizitza pertsonalerako, aisialdirako eta formakuntzarako duen denbora librearekin eta gizonezkoen kasuan bostetik bat ere ez.

Gainera, emakumeen ia laurdena ez dago gustura bikotekideak etxeko lanetan ematen dion laguntzarekin. Gizonezko langileen kasuan, gehiengoa oso gustura dago bikotekideak etxean egiten duen lanarekin.

Arreta deitzen du, hala ere, emakumezko langileen % 71 pozik dagoela seme-alaben zaintzarekin, eta pozik dauden gizonak gutxiago dira, % 61,6.

Mendekotasuna duten senideen zaintzaren kasuan, lan egiten duten herritarren hirutik batek arazo handiak ditu lana senideen zaintzarekin uztartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE albisteak Lana berriak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Mundu matxista Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Eustaten datuak