Gizartea -
Ertzaintzaren irudi publikoa
Nolakoa izango da Ertzaintzaren irudi berria?
Agenteen irudiari, uniformeei, herritarrekiko adeitasunari eta material ofizialari buruzko araudia onartu dute.
Erredakzioa
Miguel Buen Segurtasun kontseilariordeak Ertzaintzaren Irudi Korporatiboaren araudia onartu du. Bertan, uniformea, agenteen irudia, materialen mantenua etab zehazten da.
Uniformitatea
Jantzi ofizialen gainean pinak, ikurrak eta gisa horretako objektuak jartzea debekatzen du, jantzi ofizialetan ezin dela arropa pribaturik erabili jasotzen du eta jantzi ofizialen gaineko jarraibide batzuk zehazten ditu (nikia prakaren barrutik, lepoa ondo tolestuta, buzoaren kremailera gehienez ere 10 cm zabalik, etab.). Instrukzioak, gainera, kaleko uniformearekin gorra eraman behar dela zehazten du, txapela eta uniforme tradizionalaren gainerako jantziak bulegoan bakarrik erabili ahal direla esaten du eta buruko jantzien erabilera arautzen du (gorra lan operatiboetarako eta txapela bulegoetarako).
Gala uniformea ekitaldi zeremonialetara mugatzen du, eta berorren gainean bakarrik jarri ahal izango dira kondekorazioak.
Irudia eta itxura pertsonala
Ilea beti garbi eta bilduta. Bizarra ongi moztuta eta bibotea txukunduta. Emakumeek makillajea erabiliz gero, diskretua behar du izan.
Ezin da bistan tatuajerik eduki ezta eskutur, piercing, pultsera, belarritako edo lepokorik ere.
Zerbitzuan ari diren ertzainek ezin izango dute bulego, saltoki eta horrelakoetan kontu pertsonalik egin, establezimendu publikoetan kafea edo bestelako edariak (alkohola inoiz ez) hartzeko 10 minutuko gehienezko denbora baimenduko da, patruiletan erretzea, elikagaiak hartzea, behar izanik gabe autoa toki bazterrekoetan uztea, aisialdirako ikus-entzunezko gailuak eta irakurgaiak erabiltzea debekatzen da, besteak beste.
Ezin da erre ezta jan ere.
Poliziaren agurra
Uniformea daramaten agenteek zutik jarri eta eskuin eskua buruko jantzira hurbildu behar dute, “egun on, buenos días” edo dagokion formula erabiltzen duten bitartean, haiengana zuzentzen diren herritarrak agurtzeko. Keinu hori elkarrizketa bukatutakoan ere egin behar da.
Gainera, Euskadiko, Espainiako edo beste Erkidego edo Estatu bateko ereserkiak entzuten ari direnean agur keinuari eutsi egin beharko diote.
Polizien dependentziak
Bertako altzari ofizialez gain ezin da beste apaingarririk jarri.