Publizitatea
Itxi

2021/02/22

20:37

Gizartea

Koronabirusa

Zein neurri arindu daitezke alarma-egoeraren hirugarren mailan?

EITB MEDIA

Kutsatzeen kopuruak beherako joerari eusten badio, datozen egunetan hirugarren mailara igaro daitezke Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Hala bada, mugikortasun askea baimendu dezakete EAEn.

  • Ertzaintzaren kontrola Bilboko sarreran.

    Ertzaintzaren kontrola Bilboko sarreran. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Azken orduetan 303 kasu positibo detektatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, bezperan baino 34 gutxiago, hain zuzen ere.

Azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatuta beheraka egiten ari da: ostiralean 364,23 kasu antzeman zituzten 100.000 biztanleko eta igandean 336,36 izan ziren.

Pandemiaren bilakaerak bide horretatik jarraituz gero, intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 300 kasuko langatik jaitsiko da datozen egunetan eta horrek hainbat murrizketa arintzea ekarriko luke.

Eusko Jaurlaritzaren Biziberri III Planaren arabera, hori lortzen denean, alarma-egoeran laugarren mailatik hirugarrenera igaroko dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa eta, besteak beste, konfinamendu perimetrala amaituko litzateke, EAE barruan zirkulazio librea berriro baimenduta.  

Halaber, EAEtik ateratzeko debekua bertan behera uztea ere aztertuko lukete.

Horrez gain, taldean elkartu daitezkeen pertsonen kopurua 4tik 6ra handitzea aurreikusten du Jaurlaritzaren planak.

Edonola ere, neurri berriak ez dira berehala sartuko indarrean. Azken erabakia LABIren aholku batzordeari dagokio eta hurrengo bilera martxoaren 5erako deitu dute. Ordura arte, beraz, ez da aldaketarik espero.

Bestalde, ikusteko dago EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ostalaritza irekitzeko duela hamabost egun hartu zuen baimenak pandemiaren bilakaeran eraginik duen ala ez.

Kutsatzeak jaitsi badira ere eta egun eremu gorrian zortzi udalerri soilik egon arren, ospitaleetan egoerak larria izaten jarraitzen du eta oinarrizko ugalketa-kopuruak -gaixo batek zenbat pertsona infektatu ditzakeen adierazten duen balioa-, okerrera egin du: ostiralean 0,84koa zen eta igandean 0,86koa.

Gauzak horrela, agintariek zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko deia egin dute berriro, osasun egoera oso larria dela ohartarazita.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena