Gizartea -
2010ean
Errioxako pazienteak artatzeko bi milioi euro xahutu ditu Osakidetzak
Errioxako Gobernuak egindako hitzarmen proposamena "onartezina" dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak. Rajoyk gatazka "konpontzea" espero du Gasteizko Exekutiboak.
Erredakzioa
Iaz Errioxako 3.353 bizilagun artatu zituzten Euskadiko osasun zentroek eta horretarako 2,37 milioi euro xahutu zituen Osakidetzak.
Rafael Bengoa Osasun sailburuak datu horien berri eman du Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak egindako galderari erantzun dionean. Euskadi eta Errioxaren arteko osasun gatazka hizpide izan dute Legebiltzarrean. Logroñotik gertu diren udalerri arabarretako pazienteak artatzeari uko egin zion Errioxak aspaldi.
Errioxako Osasun Zerbitzuko eta Osakidetzako ordezkarien artean egindako bileretan orain arte ez dute akordiorik lortu, izan ere, Errioxak ordain ekonomiko bat eskatzen du eta Euskadik kontraprestazioak baino ez ditu eskaintzen. Horrela, Errioxako bizilagunek euren erkidegoan ez dituzten zerbitzu klinikoak jasoko lituzkete.
2010ean Osakidetzak ospitaleko 246 alta, 1.768 kanpo kontsulta eta 535 larrialdi artatu zituen, eta 804 froga diagnostiko egin zien Errioxako pazienteei. Guzti horrek 2,37 milioi euroko kostua izan zuen, Bengoaren esanetan.
Gatazka hasi zenetik, Arabako Errioxako bizilagunak zerbitzua Osakidetzako zentroetan jasotzen ari dira, baina arreta espezializatua Gasteizera bideratzen dute, Bengoak azaldu duenez.
Gatazkak jarraitzen du
Errioxako Gobernuak egindako hitzarmen proposamena "onartezina" dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak. Baldintza berdinetan arreta medikoa jasotzeko eskubidea bermatzeko Mariano Rajoy etorkizuneko presidenteak izango dituen eskumenak erabiltzea espero du Gasteizko Exekutiboak.
Errioxak proposatutako konponbidea arbuiatu du Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. "Ezin dezakegu zerbitzuen partzelazio bat babestu, hau da, Arabako Errioxako herritarrek zerbitzu zehatz batzuk Logroñon jasotzea eta beste batzuk, garestienak, jasotzeko Gasteizera etorri beharra ez dugu onartuko", Mendiaren hitzetan.
Bestalde, euskal herritarren osasun zerbitzua bermatzea bere eskumena ez dela errepikatu du gaur Pedro Sanz Errioxako Gobernuko presidenteak. Horregatik, gaiaz paso egiten duela erantsi du Sanzek.