Gizartea -

KORONABIRUSA

Aurreko asteko hildako kopuru bera aste honetan Euskadin: 68

Adierazle guztiek apur bat behera egiten jarraitzen dute, birsorkuntza-tasak izan ezik, bilakaera negatiboa izan eta berriro gora egin baitu.

Ehorztetxe bateko langileak covid biktimen gorpuzkiekin. Argazkia: EFE.
Ehorztetxe bateko langileak covid biktimen gorpuzkiekin.
Euskadin 3.797 pertsona hil dira covid-19aren ondorioz; 68, azken astean

1:28

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eraginda, 68 pertsona hil dira Euskadin astebetean, aurrekoan baino hiru lagun gutxiago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera. Gainera, adierazle gehienek hobera egin dute eta ospitaleko presioak behera egiten jarraitzen du.

Eguneko datuei dagokienez, asteartean 9.543 test diagnostiko egin, eta 405 positibo atzeman dituzte. Hala, positibotasun tasa bost hamarren jaitsi da egun bakarrean, eta % 4,2an kokatu da, Gabonen aurreko daturik onena, abenduaren 21ean % 4an kokatu baitzen.

Hala ere, azken zazpi egunetan oinarrizko birsorkuntza-tasak (R0), gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duenak, gora egin du etengabe: astearte honetan 0,90ekoa izan da, eta 0,79koa izan zen aurrekoan asteartean. Araban 1ekoa da, Gipuzkoan 0,91koa eta Bizkaian 0,87koa.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 233 kasu detektatu dituzte Bizkaian, 103 Gipuzkoan, 65 Araban eta lau Euskal Autonomia Erkidegoan bizi ez direnen artean.

Adinaren arabera, asteartean erregistratu ziren kutsatze berrien kopuru handiena 40 eta 64 urte bitartekoena izan zen (153 positibo berri), eta, ondoren, 19-39 urtekoena (98 kasu) eta 18 urtetik beherakoena (93 kutsatze berri) daude. 65 urtetik gorakoen artean, 61 kasu zenbatu dituzte; 80 urtetik gorako 19, eta 65 eta 79 urte arteko 42.

Bi asteko intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du, eta 307,36an dago. Hiru lurraldeek beheranzko joera dute: 100.000 biztanleko, 356,91 kasu zenbatu dituzte Bizkaian, 275,58 Araban eta 230,27 Gipuzkoan.

100.000 biztanleko azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa altuena 18 urtetik beherakoen (460,20) eta 19 eta 39 urte bitartekoen (318,78) artean dago. Txikiena, berriz, 65 eta 79 urte bitartekoena da (167,07).

Gune gorrian dauden 5.000 biztanletik gorako udalerriak, hau da, 500 kasu baino gehiagoko intzidentzia dutenak, bost dira, astelehenean Getxo eta Gueñes (Bizkaia) zerrenda horretatik atera zirenean baino bi gutxiago.

Gainera, Euskadi osoan, trazabilitatea (jatorria ezagutzen den kasuen proportzioa) % 50,7koa da azken zazpi egunetan. Hau da, atzemandako hamar kasutatik bostek positibo batekin kontaktua izan dute eta ia % 50ek ez dakigu jatorria.

Intzidentzia-tasari dagokionez (egungo 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua duela astebetekoarekin alderatzen duena), 0,72 da (aurreko egunean bezala).

Ospitaleak, adinekoen egoitzak eta eskolak

Asistentzia-presioa pixkanaka hobetzen ari da, azken orduetan 44 ospitaleratze izan dira (aurreko egunean baino bi gutxiago). Asteartean, 465 pertsona zeuden ospitaleratuta, astelehenean baino 29 gutxiago, eta zainketa intentsiboetako unitateetan 134 gaixo izatetik 132 izatera pasatu dira.

Bestalde, otsailaren 15etik 21era bitarteko astean metatutako datuen arabera, 68 gaixo hil dira covid-19aren eraginez, orain dela bi asteko 99 heriotzen azpitik eta azken bost asteetako kopururik baxuena.

Bizkaiko adinekoentzako egoitzen sareko erabiltzaileen artean, lauk dute covid-19a, aurreko zenbaketan baino hiru gutxiago, eta joan den larunbatetik (otsailak 20) ez da beste inor hil egoitza horietan.

Hezkuntza-sisteman ere hobetzen ari da pandemiaren eragina. Ikastetxe batek ere ez du jarduera presentziala bertan behera utzi, baina 52 ikasgela (asteartean baino 10 gutxiago) itxita daude 34 ikastetxetan (12 gutxiago), covid kasuren bat dutelako.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak