Gizartea -
Iragarpena
100 kilometro orduko haize boladez ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak
Euskalmeten arabera, datozen egunetan lehen elurteak iritsiko zaizkigu. Zubiaren hasiera euritsua izango da eta amaiera partean, hobera egingo du.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak jakinarazi duenez, 100 kilometro orduko haize boladak espero dira bihar Euskadin, batez ere, gune irekietan.
Halaber, baliteke izotza egitea barnean goizaldean eta lehen orduetan. Haize boladek 100 kilometro orduko abiadura gaindituko dute gune irekietan, eta batez ere, mendebaldeko mendietan.
Datozen egunetarako iragarpena
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri duenez, zubi honetarako giro ezegonkorra izango dugu gurean protagonista. Mendebaldeko haizeak joko du eta euri-hodeiak ekarriko dizkigute, kostaldean bereziki. Laburbilduz, zubiaren hasieran euria izango dugu hizpide baina egunak aurrera egin ahala, hobera egingo du, barnealdean bereziki.
Ostiralerako lehen elurteak aurreikusi ditu Euskalmetek. Hori dela eta, tenperaturak 10º-ren bueltan geratuko dira kostaldean eta zaparradak ugariak izango dira.
Larunbatean, abenduaren 3an, egoerak hobera egingo du. Giroa atseginagoa izango da eta orduak igarota, tenperaturek gora egingo dute. Igandean ostarteak izango dira eta baliteke kostaldean euri txikia botatzea. Astelehenerako ere euria aurreikusita dago eta ipar-mendebaldeko haizeak lagunduta, termometroek behera egingo du berriz ere.
Abenduaren 5etik aurrera iragarpenak fidagarritasuna galtzen du. Hori dela eta, egoeraren garapena eta iragarpenen eguneratzeak jarraitzea gomendatu du Euskalmetek.