Gizartea -
Donostia
Suizidioaren hipotesiak indarra hartu du adingabearen heriotzean
Ertzaintza 13 urteko adingabearen aita bilatzen ari da. Suizidioa ala hilketa izan daiteke, baina baieztatzeke dago.
Erredakzioa
Bere buruaz beste egin izanaren hipotesiak indarra hartu du Donostian hilik agertu den 13 urteko mutikoaren heriotzean, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez. Atzo autopsia egin ondoren hartu omen du indarra aukera horrek.
Dena dela, Ertzaintzak ez du hipotesirik baztertzen, horien artean hilketarena. Donostiako Antigua auzoan 13 urteko adingabe baten gorputza topatu zuten atzo etxebizitza batean. Ertzainak biktimaren aita bilatzen ari dira.
Etxebizitzako gela batean odol hondarrak eta labana bat aurkitu dutela baieztatu du Herrizaingo Sailak. Ertzaintzako unitate zientifikoko agenteak eta justizia arduradunak bertaratu dira gertatutakoa argitzeko.
Ertzaintzak orain arte bildutako datuen arabera, adingabea hil dutela ematen du, baina suizidio kasu bat izatea ez dute baztertzen.
17:40 aldera Ertzaintzak soka-hesia bertan behera utzi du Logroño kalean. Hildakoaren gorpua Atotxako epaitegiko Auzitegiko Medikuntza Zerbitzura eraman dute. Bertan autopsia egingo diote.
13 urteko mutiko baten gorpua aurkitu du Ertzaintzak gaur eguerdian bere etxean, Donostian, Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Gorpua Donostiako Antigua auzoko Logroño kaleko etxebizitza batean aurkitu dute.
Antza, gorpua etxebizitzako logela batean aurkitu dute, ondoan labana bat zeukala.
Ertzaintza hiru anai-arrebetaz arduratu da
Gorpua aurkitu bezain laster, mutikoaren hiru anai-arreben ikastetxera joan da Ertzaintza, umeen segurtasuna bermatzeko helburuarekin. Adingabearen ama ere Ertzaintzarekin dago.
Ertzaintza neska-mutikoetaz arduratu da euren segurtasuna bermatzeko. Ama aurkitu dute ertzainek eta adingabearen aita bilatzen ari dira.
Hildako mutikoaren senitartekoak babesten jarraitzen du Ertzaintzak. Era berean, aita bilatzen jarraitzen dute.
Ikerketaren iturrien arabera, bikotea banatze prozesuan dago.
Lekukoak
Auzoko bizilagunek jakitera eman dutenez, biktimaren senitartekoak hilabeteak daramatzate etxebizitzan eta aitak Zumalakarregi kaleko erretegi bat gobenatzen du.
Gorpua aurkitu duten etxebizitzatik gertu dagoen ileapaindegi bateko jabeak atsekabetuta azaldu duenez, alabek hildakoaren gela berdinean ikasten dute Luberri institutuan.
Alabek Tuenti sare sozialaren bidez izan dute gertakariaren berri, emakumearen arabera.
Biktimaren aita "oso pertsona atsegina" dela adierazi du emakumeak.
Donostiako Udala
Bestalde, adingabearen senitartekoei "babesa eman eta elkartasuna" adierazi die Donostiako Udalak arratsaldean, komunikatu baten bidez.
Gizarte-ongizateko departamentuak mutikoaren senitartekoak "psikologikoki artatzeko zuzenean lanean" ari dela azaldu du Udalak. Beharrezko "baliabideak" erraztuko dituela erantsi du Udalak.