Gizartea -

Koronabirusa

Nafarroak 57 kutsatze atzeman ditu

Bost pertsona hil dira covid-19ak jota azken egunotan. Positibotasun tasak beheranzko bidea hartu du, % 2,75ean kokatu arte.

Osasun langile bat PCR bat egiten. Argazkia: EFE
Osasun langile bat PCR bat egiten.
Osasun langile bat PCR bat egiten. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19 kutsatzeak egonkor daude Nafarroan, aurreko eguneko datuekin alderatuta. Gobernuak jakitera eman duenez, 57 kasu berri atzeman zituzten asteartean. Gainera, bost heriotza gehiago izan dira azken egunotan.

Positibotasun tasak, berriz, beheranzko bidea hartu du, % 2,75ean kokatu arte. Guztira, 2.067 proba egin zituzten atzo (1.206 PCR eta antigenoen 861 test).

Egun bat lehenago, Foru erkidegoan 59 kutsatze atzeman zituzten, eta % 3,4an zegoen orduan positibotasun tasa.

Astearteko datuei dagokienez, Murchanten zortzi positibo izan ziren, eta beste zazpi zenbatu zituzten Iruñeko Arrotxapea auzoan.

Atzokoan, bestalde, sei ospitaleratze izan ziren covid-19arekin lotuta; horietako bi ZIUn. Hildakorik egon ez bazen ere, aurreko egunetan izandako bost heriotzaren berri eman dute gaur (86 eta 97 urte bitarteko bost emakume). Horrenbestez, 1.103 dira pandemia hasi zenetik Nafarroan birusak jota zendutako pertsonak.

Zonaldeka, Iruñerrian atzeman zituzten kasuen % 51, Tuteran % 16 eta Lizarran % 5. Gainerako positiboak Nafarroa osoa zehar daude banatuta.

Gaur-gaurkoz 12 osasun langile daude gaixorik, eta azken astean lau kutsatze izan dira horien artean. Orotara, 13.000 pertsonak egiten dute lan osasun zerbitzuan.

15 urtez azpikoen artean gertatu dira kasu gehienak; atzo, adibidez, % 27. 15 eta 29 urte bitartekoei ere gogor jo die birusak (kutsatzeen % 24).

Positibo berrien batez besteko adina 34,9 urtean dago, eta % 58 emakumeak dira.

Ospitaleratzeen eta alten balantzea eginda, hau da ospitaletako egoera: 83 pertsona daude birusak jota (atzo baino lau gutxiago); 21 pertsona daude ZIUn (bat gehiago) eta zortzi lagunek etxean jasotzen dute arreta (hiru gutxiago). Gainerako 54 gaixoak logela arruntetan daude (sei gehiago).

Metatutako intzidentzia 51.335ean dago Nafarroan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko albisteak Nafarroa Tutera berriak Gaixotasunak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Lodosa albisteak Gaurko azken ordukoa Osasunari buruzko albisteak Medikuak Altsasu azken ordukoa Atarrabia azken ordukoa Erizaintza gaur Medizinak albisteak Txertoak azken ordukoa Zer gertatu da Barañain herrian? Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Anbulatorioak albisteak Osasunbidea gaur