Gizartea -

Koronabirusa

Pandemiak 49 egunetik 64ra igo du ebakuntza egiteko itxaronaldia EAEn

Rosa Perez Osakidetzaren zuzendariak aurreratu du Osakidetzako ospitaleen okupazioa jaisten den heinean, itxaronaldia ere murriztu egingo dela.

Galdakaoko Ospitaleko ZIUa. Argazkia: Efe
Galdakaoko Ospitaleko ZIUa. Argazkia: Efe
Galdakaoko Ospitaleko ZIUa. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiaren ondorioz EAEn ebakuntza bat egiteko batez besteko itxaronaldia 49 egunetik 64era igo da, koronabirusarekin kutsatutako gaixoek betetzen dituztelako oheak.

Rosa Perez Osakidetzaren zuzendari nagusiak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean osasun zerbitzuaren egoeraren berri emateko. Jakinarazi du ospitaleen okupazioa hilabeteotan altua dela, eta horrek "ebakuntzak programatzea zaildu" duela.

Perezek aurreratu du Osakidetzako ospitaleen okupazioa jaisten den heinean, batez besteko itxaronaldia ere murriztu egingo dela.

Urtebetean behera egin du kanpo kontsultetan artatutakoen kopuruak, eta itxaronaldia 32 egunetik 29ra jaitsi da, diagnosi proben kasuan bezalaxe, 40 egunetik 32ra egin baitu behera.

Izan ere, Osakidetzaren zuzendari nagusiak esan du covid-19aren aurkako pandemiari aurre egiteaz gain, sistemak "esfortzu ikaragarri handia" egin duela pertsonen osasuna zaintzeko, ez koronabirusak gaixotutakoak bakarrik.

Laborategi sareak 2,3 milioi proba egin omen ditu, PCRak eta antigenoenak zenbatuta, eta 148.000 positibotik gora atzeman dituzte.

Osasun langileen babesari dagokionez, Osakidetzak orain arte 42 milioi euro bideratu omen ditu norbanakoen babeserako, eta beste 30 gastatu ditu sei hilabeterako materiala ziurtatzeko.

Txertaketa prozesuari dagokionez, Osakidetzaren zuzendariak esan du 132.000 txerto eman dituztela jada, eta aste hau amaitzerako osasun publikoko langile guztiek jasoa izango dutela lehenengo dosia.

Ehun urtetik gorako 954 pertsonarekin harremanetan jarri direla, horietako 76k txertoari uko egin diotela eta 175ek etxean jaso dutela ere aipatu du.

Datozen hilabeteei begira, aurreratu du Osakidetzak telefono bidezko arreta indartzea aztertuko duela, 2019an izandako 192.000tik 2020ko 359.000ra igaro zirelako.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Legebiltzarra EAE Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa