Gizartea -
Osasun gatazka
Eusko Jaurlaritza eta Errioxako gobernua, akordiora noiz iritsiko zain
Osasun Ministerioaren "eskakizuna friboloa" dela adierazi du Errioxako presidenteak. Jaurlaritzak, ostera, gatazkari amaiera emateko akordio bat sinatzeko "baldintzak emango" direla uste du.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritza Errioxak proposamena noiz bidaliko zain dago, Arabako errioxako 10.000 biztanleren osasun arreta astelehenean berriz martxan jartzeko. Baina oraingoz ez da Logroñoko Gobernuan ingongo aldaketarik egon.
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailetik esan dutenez, bi sailburuak, Rafael Bengoak eta Jose Ignacio Nietok, asteburu honetan bata besteari proposamenak bidaltzea adostu zuten astelehenean bertan akordio batera iristeko. Horregatik, Bengoa oso itxaropentsu agertu zen prentsaren aurrean, baina orduak pasa ahala,itxaropen hori txikiagoa da, ez baitago inongo mugimendurik.
Errioxako presidentearen ikuspegia oso ezberdina da. Pedro Sanzek dio bere gobernuak ez duela jarrera aldatuko eta Osasun Ministeriotzatik bidali zaion eskakizuna ez duela berehalakoan bete behar.
Osasun Ministerioaren "eskakizuna friboloa" dela adierazi du Pedro Sanz Errioxako presidenteak, eta bere Gobernuak "onartuko ez" duela gaineratu du.
Sanzek kazetarien aurrean egin ditu adierazpenak arratsaldean. Eskaera Leire Pajin jarduneko ministroak gaiari egindako "ekarpen bakarra" dela esan du Sanzek. Hori "oso tristea" dela erantsi du Errioxako presidenteak.
Bere Gobernuak eskakizuna onartu ala ez erabakitzeko hilabete bateko epea duela gogorarazi du Sanzek. Errioxak administrazioarekiko auzien prozesu batera jotzeko aukera duela azaltzen du Ministerioak oharrean, Sanzen hitzetan.
Errioxako eta Euskadiko gobernuak astelehenean bilduko dira berriro osasun gatazkari konponbide bat emateko.
Errioxako eta Euskadiko Osasun arduradunak astelehenean bilduko direla baieztatu du Sanzek, negoziaketei berriro ekiteko. Bileraren ostean akordioa lortu duten ala ez jakinaraziko dutela erantsi du. Ondoren, eman beharreko pausoak zehaztuko dituztela gaineratu du.
Jaso duen azken albistearen arabera, Rafael Bengoa Osasun sailburuak Jose Ignacio Nieto Errioxako Osasun kontseilariari deitu dio astelehenean negoziazioak berriro hasteko, Sanzen hitzetan.
"Eusko Jaurlaritzak Errioxarekin hitzarmen edo formularen bat adosteko konpromisoa hartzen ez baldin badu akordioa posible izango ez" dela azaldu du Errioxako buruzagiak.
Akordioa lortuko dutela uste du Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzaren bertsioa oso bestelakoa da. Astelehenean gatazkari amaiera emateko akordio bat sinatzeko "baldintzak emango" direla uste du Osasun Sailak.
Osakidetzako iturriek azaldu dutenez, gaur elkarrizketak izan dira, asteburuan jarraitu eta astelehenean akordio batekin amaituko dira.
Bi erkidegoen arteko pazienteen zirkulazioa arautzeko epe bat ezarriko dutela jakinarazi du Osasun Sailak.
Errioxarekin negoziazioak "oraindik amaitu gabe daudela" esan du Nafarroak
Errioxarekin negoziazioak "jarraitzen dutela" esan du Nafarroako Gobernuak bi erkidegoen arteko mugan dauden herritarren arreta espezializaturako osasun akordio batera iristeko.
Akordioa itxita zegoela esan zuen ostiral arratsaldean ohar baten bitartez Nafarroako Gobernuak, baina ordu batzuk beranduago, ohar hori "huts batengatik" argitaratu zutela esan zuen.
Nafarroako Gobernuak esan du negoziazioak "ez direla amaitu" eta hori lortzeko lanean jarraitzen dutela.