Gizartea -
Trafikoa
Kukularrako lotunean azpiko pasabidea induskatzeari ekin diote
Bizkaiko errepide-lotune nagusian beste maila bat egingo dute. Adar horretatik egunero batez beste 23.424 ibilgailu igarotzen dira.
M. D. | EITB Media
Bizkaiko Foru Aldundiaren Kukularrako lotuneko lanek Arrontegitik Txorierriko korridorera zirkulatzeko prestatuko den azpiko pasabidea induskatzeari ekin diote. Azpiko pasabide horrek bi zirkulazio-errei izango ditu, eta La Avanzada Txorierriko korridorearekin lotzen duen adarraren azpitik igaroko da.
Foru Aldundiak esan duenez, adar horretatik egunero batez beste 23.424 ibilgailu igarotzen dira eta erabat egongo da operatibo indusketak irauten duen bitartean, obrak ez baitu zirkulazioan eraginik izango. Beharrezkoa izanez gero gaueko ordutegian izango dira eragin bakarrak.
Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak, obretara egindako bisitan adierazi duenez, lan hauek zehaztasun handia behar dute eta konplexutasun handiena, hain zuzen ere, errepide baten azpian egitea da, trafikoari kapazitatea kendu gabe eta erabiltzaileei eragozpenik sortu gabe. Gogorarazi duenez, Kukularrako bigarren faseko lanak 2019ko urrian hasi ziren eta uneoro zirkulaziorako erreien kopurua murriztu gabe ari dira egiten.
Pradalesek "mikrokirurgiatzat" jo du jarduketa hau, erabiltzaileek ia nabaritu ere egin gabe 15 metroko zabalera, 6,5 metroko altuera eta 25 metroko luzera duen tunel bat zulatu behar delako errepide baten azpian. Indusketa lanak hasi aurretik gaur gauean zirkulazioko galtzada pixka bat ezkerrerantz mugituko da La Avanzada-Txorierri adarrean. Egoera horrek ez ditu zirkulazio-baldintzak aldatuko, eta tunelaren zulatu eta eraikitzen den bitartean mantenduko da.
Txirikordatzearen konponbidea Txorierrin
Bizkaiko errepide-lotune nagusia da Kukularra eta, behin eta berriz, oso zirkulazio-intentsitate handia jasaten du; horrek pilaketa-arazoak sortzen ditu. Lan hauek eta inguruan egiten ari diren beste batzuk arazo horiek minimizatzea eta erabiltzaileen segurtasuna indartzea dute helburu.
Foru Aldundiaren arabera, azpiko pasabidea eginda ezabatu egingo da La Anvanzadatik datozen ibilgailuak eta Arrontegitik iristen direnak Txorierriko korridorean biltzen direnean gertatzen den txirikordatzea. Puntu horretan, hiru erreirekin, puntako orduetan batez beste 5.051 ibilgailu elkartzen dira orduro; 1,4 ibilgailu segundoko.
Azpiko pasabidea sortzean, Arrontegitik datozen ibilgailuak Txorierriko Korridorean eskuinetik sartuko dira Arrontegira desbideratuko badira, eta ezkerretik, aurrera egingo badute. Erdiko erreietatik sartuko dira la Avanzadatik iristen diren ibilgailuak. Horrela, ibilgailuak txirikordatzea saihesten da.
Txirikordatze horrek, gaur egun, balaztadak eragiten ditu, eta horrek segurtasun- eta pilaketa-arazoa sortzen du; izan ere, Arrontegitik eta La Avanzadatik datozen ibilgailuen martxa moteltzen du, batez ere puntako orduetan.
Beste zirkulazio maila bat
Kukularrako lotunean hiru zirkulazio maila daude gaur egun. 0 maila La Avanzada, Txorierriko Korridorea eta Arrontegirantz BI-631 errepidearen kota da; 1. maila, berriz, La Avanzada Txorierriko korridorearekin lotzen duen adarrarena da zirkulazioaren noranzko honetan; eta 2. maila, berriz, Txorierriko korridorea eta BI-631 errepidea Arrontegirantz lotzen dituen adarrarena.
Hiru maila horiei -1 maila gehituko zaie, eta horren bidez zirkulazioa bideratuko da Arrontegitik Txorierriko korridorerantz.
Kukularrako lotunea birmoldatzeko lanak 2019ko urrian hasi ziren. Hasieran 21 hilabeteko exekuzio-epea aurreikusten bazen ere, Foru Aldundiak esan du ziurrenik areagotu egingo dela, covid-19aren pandemiaren ondorioz lanak moteldu egin direlako eta azaroan eta abenduan euri asko egin duelako.
Bizkaiko Foru Aldundiak 11 milioi euro inbertitzen ditu obra honetan, eta horri inguruan Arrontegiko zubiaren alternatiba faltak eragindako arazoak arintzeko egiten ari diren beste jarduketa batzuk gehitu behar zaizkio.
Getxoren eta Portugaleteren arteko tunela
Bitartean, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak itsasadarraren azpiko tunela eraikitzeko proiektuan aurrera egiten jarraitzen du. Gaur egun ingeniaritza lanak egiten ari dira, eta aurreikusita dago lanak 2024an hastea. Tunela 2028an jarriko da zerbitzuan.