Gizartea -

MIGRAZIOA

95 migratzailek igaro dute gaua Irungo eta Hondarribiko aterpetxeetan

Kanaria uharteetatik Irunera iritsitako migratzaile kopuru handia tarteko, kontingentzia-plana aktibatu du Jaurlaritzak. Lapurdin sartu nahi dute, baina jendarmeek kontrol zorrotzak ezarri dituzte.

Gurutze Gorria migratzaileei harrera egiten, Irunen. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Gurutze Gorria migratzaileei harrera egiten, Irunen
Gurutze Gorria migratzaileei harrera egiten, Irunen. Argazkia: Eusko Jaurlaritza

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotan ohi baino migratzaile gehiago ari dira heltzen Irunera, handik Lapurdira igarotzen saiatzeko. Jendarmeek ezarritako kontrol zorrotzak tarteko, ordea, ia ezinezkoa egiten ari zaie bertara iristea. Ondorioz, Irunen harrapatuta daude. Bart, esaterako, 95 pertsonak igaro dute gaua Irungo eta Hondarribiko aterpetxeetan.

Heltzen ari diren migratzaileei harrera egiteko, Eusko Jaurlaritzak kontingentzia-plana aktibatu du Irunen asteburuan. Horietako asko Kanarietatik iritsitako migratzaileak dira, eta Frantzia eta Europako beste herrialde batzuk dituzte helburu.

Datozen egunetan migratzaile gehiago iritsiko direla uste dute. Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariaren esanetan, zaila da aurreikustea egunean zenbat migratzaile hel daitezkeen. Hala ere, ostegunetik aurrera espero dute migratzaile kopuru handiagoa.

Jendarmeen kontrolak are gehiago zorroztu dira covid-19aren pandemiaren eraginez, eta, orain, PCR proba eginda izatea ere eskatzen zaie muga igaro nahi dutenei. Beraz, ia ezinezkoa bihurtu zaie Lapurdin sartzea.

Irungo Harrera Sareak salatu duenez, Frantziako Polizia ohi baino jarrera "zorrotzagoa" izaten ari da, eta migratzaileak itzularazten ari da. Horien egoera "larria" dela ohartarazi dute. Horren arabera, egoera zailagoa izango da datozen egunetan, bertan blokeatuta daudenei iritsi berriak batzen zaizkienean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Europa Gipuzkoa Iparraldea argazkiak EAE Hondarribia Gizartea albisteak Albisteak Gaur Irun bideoak Gaurko azken ordukoa Kanariak Lapurdi