Gizartea -

Koronabirus

Jasotako txertoen % 10 soilik gordetzen ditu orain Osakidetzak

Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren arabera, aste honetan bultzada handia emango diote txertaketari, eta, aurreikusitakoaren arabera, 45.263 dosi jarriko dituzte.

Erizain bat irakasle bati txertoa jartzen. Argazkia: EFE
Erizain bat irakasle bati txertoa jartzen
Erizain bat irakasle bati txertoa jartzen. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txertaketa estrategia aldatu du Euskal Autonomia Erkidegoak, eta gutxitu egin du bigarren dosirako gordetako txerto kopurua. Hain zuzen ere, jasotako dosien % 10 soilik gordeko ditu aurrerantzean, hau da, 249.810 txertoetatik 25.186.

Orain dela bi aste, txertoen % 22,5 gordetzen zituzten bigarren dosi baterako.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri duenez, aste honetan bultzada handia emango diote txertaketari, eta, aurreikusitakoaren arabera, 45.263 dosi jarriko dituzte.

Hain justu, AstraZenecaren 34.929 txerto jarriko dituzte, Modernaren 6.037 eta Pfizerren 4.297. Horretarako, txertaketa gune handiak erabiliko dituzte, hala nola Illunbe.

Guztira, orain arte 124.365 lehen dosi jarri dituzte, eta 54.996 pertsona dagoeneko immunizatuta daude, bigarrena ere jaso dutelako.

Gehienbat zentro soziosanitarioetako egoiliarrak eta profesionalak dira immunizatutakoak, horien % 98,9k jaso baitute txertoa.

Osakidetzan eta osasun langileen artean, profesionalen % 84k jaso dute lehen dosia, eta % 41,8k bigarrena.

Ertzaintzaren kasuan, agenteen % 87,6k jaso dute lehen dosia, baina bigarrena ez dira jartzen hasi oraindik.

Eguneko zentroetan eta urritasunen bat duten pertsonen artean ere aurrerapausoak eman dira, eta lehen dosia % 50,6ri jarri diete jada. Haur Hezkuntzan eta Heziketa Berezian, aldiz, % 44,2k jaso dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea