Gizartea -
Sardexka bat erabilita
Bi gazte atxilotu dituzte Donostian, saltoki batean lapurtzeagatik
Lapurreta atzo egin zuten, arratsaldeko 15:00etan, Donostiako Gros auzoko denda batean. Antza, lapurrak dendara sartu eta, sardexka batekin, jabeak mehatxatu zituzten (emakume bat eta gizonezko bat).
Erredakzioa
Ertzaintzak bi gazte atxilotu zituzten atzo, Donostiako saltoki batean indarkeriaz lapurreta egitea egotzita. Lapurrek eraso egin zioten lokaleko ardura duen bikoteari.
Gertakariak atzo, igandea, arratsaldeko hirurak aldera izan ziren, Donostiako Gros auzoko denda batean. Ordu horretan, herritar batzuek Ertzaintzari deitu zioten, bertan lapurreta egiten ari zirela ohartarazteko.
Handik gertu zegoen patruila bat bertaratu zenean, jabeak eta bi lapurrak saltokira sartzeko atearen ondoan ikusi zituzten agenteek.
Lapurretaren egileek sardexka bat erabili omen zuten bertako arduradunei mehatxu egin eta kutxan zegoen dirua eta ordenagailu eramangarri bat osten saiatzeko.
Lapurretan ari zirenean, lapurrek jo egin zituzten dendako arduradun diren gizona eta emakumea, lapurrei ihes egitea galarazten saiatu baitziren. Horrela, ertzainek in fraganti harrapatu zituzten dendaren barruan. Apur bat geroago, anbulantzia bat bertaratu zen, erasoa jasan zuten dendako jabeak artatzera. Emakumezkoak lesioak zituen aurpegian, eta ospitalera eraman zuten.
Agenteek sardexka bat eta harri bat atzeman zizkieten atxilotuei, lapurretan erabilitakoak antza. Bi atxilotuak, 20 eta 17 urtekoak, aurretik ere atxilotu dituzte, eta delituzko aurrekariak dituzte.