Gizartea -

KORONABIRUSA

40 pertsona hil dira astebetean EAEn, eta 335 positibo atzeman dituzte asteartean

Intzidentzia-tasa metatuak oso motel jaisten jarraitzen du, positibotasun tasa bere horretan mantendu da eta oinarrizko birsorkuntza tasak gora egin du. Ospitaleko presioa pixka bat hobetu da.

Osasun langileak Galdakaoko ospitalean. Argazkia: EFE.
Osasun langileak Galdakaoko ospitalean
Osasun langileak Galdakaoko ospitalean. Argazkia: EFE.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren ondorioz 40 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) martxoaren 1etik 7ra bitarteko astean, aurrekoan baino 11 gutxiago. Gainera, 335 positibo berri aurkitu dituzte asteartean, bezperan baino bat gehiago, eta positibotasun tasa % 4,0ra igo da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteazken honetan emandako datuen arabera.

Zehazkiago, 8.274 test diagnostiko egin zituzten asteartean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (5.101 PCR eta 3.173 test antigeno), aurreko egunean baino 286 gutxiago, eta horien guztien artetik 335 kutsatze berri aurkitu dituzte: 49 Araban, 107 Gipuzkoan eta 173 Bizkaian eta sei EAEtik kanpo bizi diren pertsonen artean.

Koronabirusaren 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 201,25 kasura jaitsi da erkidego osoan (Araban 229,55, Bizkaian 210,17 eta Gipuzkoan 167,25), eta gaitzaren birsorkuntza tasa 0,94ra igo da (Araban 0,89, Bizkaian 0,91 eta Gipuzkoan 1,02).

Adin tarteka, 0-18 urtekoen artean, 76 kasu berri izan dira asteartean, eta intzidentzia-tasa 267,38 kasukoa da; 19-39 urtekoen taldean, 91 positibo izan dira (230,02); 40-64 urtekoenean, 129 (201,65); 65-79 urtekoenean, 31 (124,24); eta 80 urtetik gorakoen artean, zortzi (123,79).

Hiriburuetako egoerari dagokionez, intzidentzia tasa 254,35 kasukoa da Gasteizen, 227,14koa Bilbon eta 82,79koa Donostian. 5.000 biztanletik gorako udalerrien artean, Bizkaian Derio eta Gipuzkoan Aretxabaleta eta Lazkao eremu gorrian daude, 500 kasutik gora dituztelako 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuan.

Ospitaleen eta eskolen egoera

Azkenik, ospitaleen egoera hizpide hartuta, koronabirusaren ondorioz 31 pertsona ospitaleratu dituzte asteartean, eta guztira 258 lagun daude ospitaleetan, aurreko egunean baino hiru gehiago. Gainera, gaitza duten 101 pertsona ospitaleko zainketa intentsiboen unitateetan daude, bezperan baino 12 gutxiago.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 45 ikastetxetan 62 ikasgela itxita daude asteazken honetan covid-19aren eraginez, asteartean baino 18 gutxiago, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi dituen datuen arabera.

Ikasturte honetan, 17.554 ikasgela daude guztira Euskadiko hezkuntza sisteman, bi urtetik unibertsitatez kanpoko derrigorrezko hezkuntza ondoko mailetaraino, eta, horrela, ostiralean itxitako ikasgelen kopurua guztien % 0,35 zen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Hezkuntza sistemako albisteak