Publizitatea
Itxi

2021/03/11

15:27

Gizartea

XXV. EITB FOCUS

2022ko erdialdera arte ez gara normaltasunera itzuliko, gehiengo baten aburuz

E. G. | EITB MEDIA

Galdetutakoen % 10ek uste dute pandemia aurten bukatuko dela. Hori horrela, gizartearen gehiengoak 12-18 hilabete gehiago beharko direla iritzi dio.

3:17
Normaltasuna urrun ikusten du gizartearen gehiengoak. EITB Mediaren bideo batetik ateretako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Euskal gizarteak ez du uste aurten pandemia aurreko bizimodua berreskuratzeko modua izango dugunik, eta gehiengoak 12-18 hilabete gehiago beharko direla aipatu du, EITB Focusen azken inkestaren arabera.

Gizaker inkesta etxeak EITB MEDIAren albistegientzat egindako makroinkestak koronabirusa izan du hizpide, pandemiaren urtemuga betetzen den honetan. Otsaileko azken astean EAEko 1.200 herritarri telefono bidez egindako elkarrizketak ditu oinarri.

Gaur kaleratu den lehen atal honetan, besteak beste, oporrak gertu daudela eta, turismoari eta ostalaritzari laguntzeko asmoz, murrizketak arindu behar ote diren galdetu zaio jendarteari. Gehiengo zabal batek (zehazki, % 78k) ez du uste Aste Santua "salbatu" behar denik; % 15,2k, ordea, beharrezkoa dela iritzi dio.

Udari begira ere, ziurgabetasun handia dago, baina euskal gizarteak ez du horren argi, eta zatituta dago: herritarren ia % 44k akats gisa hartuko lukete osasun neurriak arintzea turismoaren eta ostalaritzaren mesedetan. Kontrako iritzia dutenak, hau da, uda "salbatu" behar dela uste dutenak, % 35,4 dira.

Nolanahi ere, gehientsuenak (% 85,6) zuhurrak dira udako oporrak aldez aurretik antolatzeari begira, eta bilakaeraren "zain" egongo direla nabarmendu dute. Herritarren % 9k bakarrik antolatuko dituzte oporrak aldez aurretik.

Txertaketa gorabehera, murrizketei eutsi

Pandemia aurreko egoera berreskuratzea nahiko urrun ikusten du oraindik euskal gizarteak, eta jakin badaki, txertaketan aurrera eginda ere, ez direla murrizketak desagertuko. Hala, herritarren erdiak (% 49) uste du adinekoak eta talde zaurgarrienak txertatuta daudenean osasun neurri batzuei behintzat eutsi behar zaiela, eta biztanleria osoa immunizatuta dagoenean ere, iritzi berekoak dira galdetutakoen % 49.

Azkenik, koronabirusa dela-eta murriztu dizkiguten eskubideak aldarrikatzeko izan diren protesten eta istiluen inguruan, zatituta dago euskal gizartea. Erdiari "ulergarriak" egiten zaizkio; beste % 44ak, aldiz, uste du ez direla onargarriak.

Fitxa teknikoa

Gizakerrek EITB MEDIAko albistegietarako egindako inkesta EAEn bizi diren 1.200 pertsonari egin zitzaien (400 Araban, 400 Bizkaian eta 400 Gipuzkoan).

La= ±% 2,83, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, EAEko datuetarako. Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.

Landa-lana 2021eko otsailaren 23tik 26ra egin zuten, telefono bidez.

Galdeketen batez besteko iraupena 11,68 minutukoa izan zen: motzenak 8 minutu iraun zuen, eta luzeenak, 26 minutu.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena