Publizitatea
Itxi

2021/03/13

07:30

Gizartea

XXV. EITB FOCUS

Bigarren dosia bermatzeko EAEren estrategia "ondo" dago, jendartearen ustez

E. G. | EITB MEDIA

Horrez gain, galdetutakoen ia erdiak uste dute beste erkidegotan darabiltena baino estrategia egokiago dela Jaurlaritzarena.

3:55
EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Koronabirusaren aurkako txertoaren bigarren dosia bermatze aldera, Eusko Jaurlaritzak prestakin kopuru bat gordetzearen estrategia "ondo" dago euskal gizartearen irudiko, eta 0-10eko tartean, 6,19ko nota eman diote herritarrek, EITB Focus azken makroinkestak jasotzen duenez. Era berean, beste erkidegoek darabilten estrategiarekin alderatuta, % 47k uste du egokia dela.

Pandemiaren urtemuga baliatuta, EAEko biztanleen iritzia jakin nahi izan du Gizaker etxeak EITB MEDIArentzat egindako galdeketak. Inkesta otsailaren azken astean egin zioten EAEko 1.200 herritarri, telefono bidez.

Covid-19aren pandemiak urtea bete duen honetan, EAEko herritarrek iazko urrian baino apur bat gogo-aldarte hobea dute. Hala, 0tik 10erako tarte batean, 6,56an kokatu da gizartearen gogobetetasuna, duela bost hilabete baino bi hamarren gorago. Dena dela, aipatzekoa da ohikoa den batez besteko balorazioa baino bi puntu beherago dagoela orain animoa.

Hirugarren eta azken atal honek gizartearen aldartea eta txertaketa izan ditu ardatz. Aurrenekoari dagokionez, eta betiere duela urtebeteko egoera pertsonalarekin erkatuta, galdetutakoen % 58k esan dute "kezkatuago" daudela, eta beste horrenbestek diote "gogaituago" daudela. Ia % 24 batek aitortu duenez, okerrago egiten du lo. Aipatzekoa da pandemiak gogorrago astindu duela emakumeen egoera psikologikoa. Zenbait kasutan, 10 puntu inguruko aldea dago andrazkoen eta gizonezkoen gogo-aldartearen artean. Hartara, emakumezkoen % 54 "nekatuago" daude, gizonezkoen % 40aren aldean. Andrazkoen loa ere eskasagoa da (% 28k txarrago hartzen dute atseden, gizonezkoen % 19ren aurrean).

Orokorrean, lau pertsonatik hiruren arabera, "oraindik falta bada ere, pandemiatik ateratzen ari gara".

Covid-19ak bestelako ondorioak ere baditu: gehiago aurrezten omen dugu (itaundutakoen % 53k hala diote), eta galdetutakoen % 26,7k kirol gutxiago egiten du.

Pandemiak familia harremanak kaltetu dituen galdetuta, gehiengo zabal batek (% 84) ezetz erantzun du; itaundutakoen % 15ek, ordea, aitortu dute liskar gehiago izan dituztela. Hori horrela izanik ere, egoera apur bat ezberdina da 15-35 urteko gazteen artean, eta horien %23k aitortu dute giroa gaiztoagoa dela orain etxean.

Txertaketa

Txertaketa prozesua nola kudeatu den hizpide hartu du EITB FOCUSek eta herritarren gehiengoak (% 55) uste ez dela kudeaketa egin; lau pertsonetatik batek (% 23,7), berriz, kudeaketa egokia izan dela iritzi diote.

Jaurlaritzak estrategia kontserbadorea izan du txertoei dagokionez, eta heldu ahala, dosietako batzuk gorde ditu, lehen prestakina jasotzen zuten horiek bigarrena bermatuta izateko. Estrategia horri 10etik 6,19ko nota jarri diote EAEko herritarrek, eta beste erkidegoetan dutenarekin alderatuta, ia erdiari ondo iruditu zaie.

Azkenik, nabarmentzekoa da gizarteak txertoarekiko duen konfiantza hazi egin dela azken hilabeteetan. Urrian % 39,5 zegoen immunizatzeko prest, orain, ordea, % 84,5era igo da kopuru hori.

Fitxa teknikoa

Gizakerrek EITB MEDIAko albistegietarako egindako inkesta EAEn bizi diren 1.200 pertsonari egin zitzaien (400 Araban, 400 Bizkaian eta 400 Gipuzkoan).

La= ±% 2,83, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, EAEko datuetarako. Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.

Landa-lana 2021eko otsailaren 23tik 26ra egin zuten, elkarrizketak telefonoz eginez.

Galdeketen batez besteko iraupena 11,68 minutukoa izan zen: motzenak 8 minutu iraun zuen, eta luzeenak, 26 minutu.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena