Gizartea -
KORONABIRUSA
Beste 356 covid-19 kasu atzeman dituzte EAEn, baina positibitatea % 4,4ra jaitsi da
Bizkaian 188 positibo diagnostikatu dituzte, 100 Gipuzkoan, 56 Araban eta 12 autonomia-erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean.
E. J. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak beste 356 kutsatze atzeman ditu ostiral honetan, baina covid-19aren positibotasun tasa % 5,2tik % 4,4ra jaitsi da EAEn.
Eguneroko txosten epidemiologikoaren arabera, 8.133 proba diagnostiko egin zituzten ostiralean, aurreko egunean baino ia 1.000 gehiago.
Horietan 356 pertsonak eman zuten positibo (ostegunean 380) eta positibotasun tasa jaitsi egin da. Ostegunean, izan ere, otsailaren 19tik lehen aldiz % 5eko muga gainditu zen.
Kutsatutakoen artean, 188 kasu Bizkaian diagnostikatu dituzte, 100 Gipuzkoan, 56 Araban eta 12 autonomia-erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean.
Ostiralean 46 pertsona ospitaleratu zituzten EAEko ospitaleetan, bezperan baino 5 gehiago, eta 95 gaixo zeuden ZIUetan, osteguneko kopuru bera.
Eusko Jaurlaritzak ez ditu astelehenera arte eguneratuko 14 eguneko intzidentzia-tasa eta oinarrizko ugalketa-kopurua. Bi adierazle horiek okerrera egin zuten joan den ostegunean; izan ere, 100.000 biztanleko 200 kasu baino gehiago izan ziren, 200,3 hain zuzen ere, eta R0 1 izan zen.
EAEko egoitzak, covid-19 gaixorik gabe erabiltzaileen artean
Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako egoitzetan ez da covid-19 kasurik izan erabiltzaileen artean, Arabako Ekorako zentro bateko azken hiru infektatuek egindako probetan negatibo eman ostean.
Arabako Foru Aldundiak ostiral honetan baieztatu duenez, dagoeneko amaitu da egoitza horretan positibo eman duten hiru pertsonen isolamendua.
Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek duela egun batzuk jakinarazi zuten bi lurraldeetako egoitza-zentroetan ez dagoela kasu positiboen berri txertoen eraginari esker.