Gizartea -
KORONABIRUSA
Beste 295 covid-19 kasu atzeman dituzte EAEn, eta positibo-tasa % 4,9ra igo da
Aste honetan lehen aldia da 300 kasutik behera atzematen direla. Dena dela, aurreko astean, egun berean, 247 kasu zenbatu ziren.
E. J. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak beste 295 kutsatze atzeman ditu larunbat honetan, atzo baino 61 gutxiago. Hala ere, covid-19aren positibo-tasa % 4,4tik % 4,9ra igo da EAEn, proba gutxiago egin baitira.
Eguneroko txosten epidemiologikoaren arabera, 5.962 proba diagnostiko egin zituzten larunbatean, aurreko egunean baino 2.000 gutxiago.
Kutsatutakoen artean, 160 kasu Bizkaian diagnostikatu dituzte, 92 Gipuzkoan, 41 Araban eta bi autonomia erkidegotik kanpo bizi direnen artean.
Larunbatean 42 pertsona ospitaleratu zituzten EAEko ospitaleetan, bezperan baino hiru gutxiago, eta 97 gaixo zeuden ZIUetan, ostiralean baino bi gehiago.
Eusko Jaurlaritzak ez ditu astelehenera arte eguneratuko 14 eguneko intzidentzia-tasa eta oinarrizko ugalketa-kopurua. Bi adierazle horiek okerrera egin zuten joan den ostegunean; izan ere, 100.000 biztanleko 200 kasu baino gehiago izan ziren, 200,3 hain zuzen ere, eta R0 1era iritsi zen.
50en bueltan mantentzen da kasu berrien kopurua Nafarroan, baina tasa % 4ra igo da
Nafarroako Osasun Departamentuak 52 positibo berri atzeman zituen atzo, larunbata, aurreko egunean baino kasu bat gehiago. Positibo-tasak, baina, ia puntu bat eta erdi egin du gora, % 4raino. Orotara, 1.289 proba diagnostiko egin zituzten, PCR eta antigeno testen artean, bezperan baino 568 gutxiago.