Gizartea -

Drogaren kontrako operazioa

600 kilo marihuana eta bi kilo kokaina eta speed konfiskatu dituzte Portugaleten

Azken urteotan Euskadin atzemandako droga kopururik handiena da. Bi gizon atxilotu zituzten ostiralean, baina epaileak libre utzi ditu, karguekin bada ere.

Portugaleten atzemandako droga. Argazkia: Ertzaintza
Portugaleten atzemandako droga.
Ertzaintzak 600 kilo marihuana-kukulu atzeman ditu Portugaleten

1:26

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bi pertsona atxilotu eta 600 kilo marihuana eta bi kilo kokaina-harri eta speed atzeman ditu Portugaleten (Bizkaia). Polizia autonomikoak azken urteotan Euskadin konfiskatutako droga-kopururik handiena da.

Operazioaren ondorioz, 49 eta 41 urteko bi pertsona atxilotu zituzten ostegunean, droga-trafikoaren delitua leporatuta. Biharamunean aske utzi zituen epaileak, karguekin bada ere.

Ikerketaren arabera, konfiskatutako droga eskala handian banatu behar zuten EAEtik kanpora, eta merkatu klandestinoan hiru bat milioi euroko balioa izango luke.

Operazioa ostegun arratsaldean abiatu zuten. Ikuskapen-lanetan ari ziren agenteek bi gizon lonja batetik kartoizko kaxak ateratzen eta presaka furgoneta batean sartzen ikusi zituzten, eta, ondoren, alde egiten.

Jarrera susmagarria irudituta, furgonetari segitzen hasi ziren. Agenteek egiaztatu zutenez, autoak saihesteko maniobrak egin zituen eta trafiko-arauak urratu zituen. Horren aurrean, Ertzaintzak polizia-dispositibo bat jarri zuen abian eta furgoneta geldiarazi zuen.

Ertzainek bi bidaiariak identifikatu zituzten, eta kaxetan zer zeramaten galdetuta, botikak zeramatzatela erantzun zieten. Kaxak ikuskatu zituztenean, baina, substantzia begetal bat zuten poltsak zeudela ikusi zuten, eta, azkenean, marihuana zela egiaztatu zuten. Guztira, bost kaxa konfiskatu zituzten, eta marihuana-kukuluak zituzten 20 poltsa zeuden horietako bakoitzean.

Agenteek estupefaziente gehiago aurkitu zituzten furgonetan ezkutatuta; besteak beste, substantzia marroi baten barra bat (haxixa, ustez), kalamuaz beteta zegoen poltsa termozigilatu bat eta speeda zuten poltsa txiki batzuk. Bestalde, akusatuetako bat miatu zutenean, dirua (3.800 euro) eta substantzia sorgorgarriak zituzten poltsa txiki batzuk aurkitu zizkioten gerriko poltsa batean.

Gerora, Portugaleteko lonja miatuta, antzeko ezaugarriak zituzten 50 bat kaxa aurkitu zituzten hainbat gelatan sakabanatuta, eta, aztertuta, plastikozko poltsatan sartuta zegoen marihuana zela egiaztatu zuten. Era berean, agenteek debekatutako beste hainbat substantzia ere aurkitu zituzten, kokaina, anfetamina eta metanfetamina (speed), tartean, baita droga manipulatzeko baskulak eta bestelako tresnak ere.

Ikerketaren arduradunek ostiralean jarraitu zuten auzipetuen jabetzeko lokalak miatzen, eta substantzia sorgorgarrien (marihuana, kokaina, anfetamina eta metanfetamina) kopuru txikiak aurkitu zituzten Ortuellako garaje batean egindako miaketan.

Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du, eta ez du baztertu atxiloketa gehiago egitea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Portugalete Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Drogak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak