Gizartea -

KORONABIRUSA

29 pertsona hil dira astebetean EAEn, eta 402 positibo atzeman dituzte asteartean

Intzidentzia-tasa metatuak, positibotasun-tasak eta oinarrizko ugalketa-kopuruak gora egin dute, eta ospitaleko presioak okerrera egin du apur bat.

Osasun langileak Galdakaoko ospitalean. Argazkia: EFE.
Osasun langileak Galdakaoko ospitalean
Osasun langileak Galdakaoko ospitalean. Argazkia: EFE.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren ondorioz 29 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) martxoaren 8tik 14ra bitarteko astean, aurrekoan baino 11 gutxiago. Hala ere, pandemiaren intzidentziak gora egiten jarraitzen du.

Hildakoen kopurua iazko abuztuko azken astetik izan den txikiena da, eta azken bost asteetako beheranzko joera berretsi du.

Hala ere, pandemiaren bilakaera epidemiologikoaren gainerako adierazleak negatiboak dira oro har. Koronabirusaren 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 206,07 kasura igo da erkidego osoan (Araban 221,37, Bizkaian 209,22 eta Gipuzkoan 103,62), eta gaitzaren birsorkuntza tasa 1,13ra igo da (Araban 1,17, Bizkaian 1,13 eta Gipuzkoan 1,12).

Gainera, 402 positibo berri aurkitu dituzte asteartean, bezperan baino zortzi gehiago, eta positibotasun-tasa % 4,5era igo da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteazken honetan emandako datuen arabera.

Guztira 8.874 test diagnostiko egin zituzten asteartean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horien guztien artean 402 positibo berri atzeman dituzte: 69 Araban, 118 Gipuzkoan eta 205 Bizkaian, eta 10 EAEtik kanpo bizi diren pertsonen artean.

Hiriburuetako egoerari dagokionez, intzidentzia-tasa 249,91 kasukoa da Gasteizen, 234,65ekoa Bilbon eta 103,62koa Donostian.

Ospitaleen egoera hizpide hartuta, koronabirusaren ondorioz 39 pertsona ospitaleratu dituzte asteartean, eta guztira 222 lagun daude ospitaleetako gela arruntetan, aurreko egunean baino bi gutxiago, baina covid-19a duten 101 pertsona ospitaleetako zainketa intentsiboen unitateetan, bezperan baino hiru gehiago.

Bestalde, asteazken honetan, 76 ikasgela itxi dituzte Euskadin, covid-19aren kasuren bat detektatu ostean, astelehenean baino bat gutxiago; hau da, Haur Hezkuntzako 2 urteko gelen eta derrigorrezko hezkuntza postunibertsitarioraino dauden eskolen % 0,43.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Hezkuntza sistemako albisteak Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak