Gizartea -
EGURALDIA
Negua oso epela eta erabat bustia izan da
Mendea hasi zenetik bosgarren negu epelena izan da. Muturreko meteorologia-fenomeno nagusiak itsasoko denboraleak, haizea eta euria izan dira, bai eta elurtea ere.
EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoan, negua oso epela eta erabat bustia izan da isurialde atlantikoan, Euskalmeten balantzearen arabera.
Abenduaren 1etik otsailaren 28ra bitartean, negu meteorologikoan, tenperaturak batezbestekoa baino gradu bat altuagoak izan dira, eta horrek negu hau mendeko bosgarren negu beroena izatea eragin du.
Tenperatura horiekin batera izan den intsolazioa isurialde atlantikoan urteko sasoi honetan espero zitekeena baino nabarmen txikiagoa izan da (% 30-40 txikiagoa).
Prezipitazioari dagokionez, negua oso bustia izan da Araba iparraldean eta isurialde atlantikoan, Goierri eta Tolosa eskualdeetan izan ezik, horietan metatutako prezipitazio-kopurua ohikoa izan baita, Araba hegoaldean bezala.
Abendua izan da azken 50-60 urteotako hilabete euritsuena itsasertzean, eta azken 27 urteotako euritsuena Arabako zenbait lekutan.
Euri-egunak ohikoa dena baino % 25-35 gehiago izan dira; Donostian eta Bilbon 50 euri-egun izan dira eta Gasteizen 40tik gora (abenduko euri-egunen errekorra hautsi da bertan).
Bestalde, nabarmentzeko modukoa da zenbat egunetan egin duen elurra kota ertainetan, eta baita Gabon garaian 200-400 metrotik gora zuritu zuela ere.
Muturreko meteorologia
Muturreko meteorologia-fenomeno nagusiak itsasoko denboraleak, haizea eta euria izan dira, bai eta elurteak ere kota ertainetan. Neguan zehar, Eusko Jaurlaritzak 120 abisu hori, 20 alerta laranja eta bi alarma gorri aktibatu zituen.
120 abisu horietatik 23 elurragatik eta 17 izotzagatik eman zituen. Alerta laranjei dagokienez, 17 itsaso zakarragatik, bi elurragatik eta bat haizeagatik izan ziren. Bi alarma gorriak nabigaziorako olatuen altueragatik aktibatu ziren.