Gizartea -
Enbriologia
Giza zelulen bidez enbrioi goiztiarren antzeko egiturak garatu dituzte
"Nature" aldizkariko bi artikuluk eman dute biologiaren aurrerapen iraultzaile honen berri, eta garapenaren lehen etapei buruzko ezagutzak zabaltzea ahalbideratuko du.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Giza zeluletatik abiatuta enbrioi goiztiarren antza duten egiturak sortu dituzte laborategian bi zientzia taldek. Eredu honi esker, enbrioien hastapeneko lehen faseen bilakaera, biziaren sorreran ager daitezkeen arazoak, edo antzutasuna lantzeko terapia berriak ikertu ahal izango dira.
Bi lanak Nature aldizkarian aurkeztu dituzte asteazken honetan, eta enbriologiaren alorrean aukera berriak zabaldu ditzateke. Egileek hedabideekin egindako topaketa birtual batean gogorarazi dutenez, arratoien zeluletatik abiatuta ere sortu dira animalia horien enbrioien antzeko egiturak.
Hain justu, blastozisto fasean, ernalketatik bost egunera gertatzen den horretan, dauden arratoi enbrioien antzeko egiturak garatu izan dira, eta blastoide izena jarri diote laborategian egin den sorkuntza horri.
Blastoideak, azaltzen dutenez, egitura esferikoa daukate eta barrualdean dagoen likido bat inguratzen duen zelula-geruza batez osatuta daude, non enbrioi-zelulen masa bat dagoen. Horien antzeko egitura sortu izan dute arratoien kasuan, litekeena baita informazioa eskaintzea, baina giza bizitzaren hasierari buruzko ezagutzan sakontzeko mugak dituzte.
Orain arte, in vitro ernalkuntzari esker lortutako blastozistoei esker, informazio baliotsua eskuratu dute ikerlariek, baina horien erabilera oso mugatua dela ere nabarmendu dute.
Oztopo horiek gainditzeko, Monash Unibertsitateko (Australia) Jose Polo ikerlari argentinarra buru duen taldeak, lehen aldiz, giza zelulekin egindako blastozitoen antzeko "blastoideak" sortu ditu, eta horrek enbrioi naturalak erabiltzea saihestuko du horrelako ikerketak egiteko.
Horretarako, azaleko fibroblastoak —ehun konektiboko zelula nagusia da— berriz programatu zituzten, eta giza blastozistoen modeloak sortu zituzten, hiru dimentsiokoak. Ikerlari taldeak argi utzi nahi izan du horiek ez direla giza blastozistoen parekideak.
Hazkuntza-estrategiak
Bigarren ikerketa Texas Southwestern Unibertsitateko (AEB) Jun Wuk zuzendu du, eta hiru dimentsioko kultiboen estrategia baten garapena aurkezten du. Estrategia horri esker, blastozitoen antzeko egiturak sor daitezke zelula ametatik abiatuta, eta horiei "giza blastoideak" deitu diete.
Wuk azaltzen duenez, "zelula multzo" hauek giza blastozitoen antza dute morfologian, tamainan, zelula kopuruan eta zelula leinu ezberdinen osaketan.
Era berean, "giza blastoideak" enbrioien eta enbrioiaz kanpoko zelula amak sortzeko gai dira, eta, aldi berean, beren kabuz antola daitezke inplanteen inguruko giza enbrioien berezko ezaugarriak dituzten egituretan.
Poloren blastoideak bezala, Wurena ere ez da giza blastozistoen parekidea, baina enbrioien hastapeneko garapenaren oinarriak erreproduzi ditzake.
Nature-n deskribatutako bi ereduek, garapen goiztiarraren "funtsezko alderdiak" erreproduzitzen dituzte, baina giza enbrioiekiko desberdintasun kopuru bat dute, eta, beraz, ez dira halakotzat hartu behar.
"Ondorioz, giza enbrioien ereduen etengabeko garapenak, giza blastoideak barne, ikerketa horien garrantzi zientifikoari buruzko eztabaida publikoak irekitzea eskatzen du, bai eta planteatzen dituzten gai sozial eta etikoei buruzkoak ere". Polok esan duenez, oraindik egoera horretara iristeko asko falta da, eta, oraingoz, pozik eta "gogotsu" daude lortutakoarekin.