Gizartea -
eguraldia
Abisu horia larunbatera arte luzatu dute, 1.000 metrora elurra egingo baitu
Printzipioz ostegun eta ostiralerako aurreikusia zegoen elur mailaren jaitsiera asteburura arte luzatuko da.
eitb media
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia larunbateraino luzatu du, 1.000 metrora elurra egingo baitu. Hasiera batean, ostegunerako eta ostiralerako soilik zeuden aurreikusiak elurteak.
- Ostegun honetan zehar, martxoak 18, abisu horia 21.00etatik 24.00etara egongo da aktibatuta. Aurreikuspenen arabera, elur-kota 800-900 metro inguruan mantenduko da, eta prezipitazio ahul eta barreiatuak espero dira, Kantauriko isurialdean, bereziki.
- Bestalde, ostiralean, martxoak 19, abisu horia berriro aktibatuko da 00.00etatik 24.00ak arte. Elur-kota 800-900 metroren inguruan ibiliko da. Goizean 1.000 metrora igo daiteke, eta arratsalde partera 700-800 metrora jaitsiko da. Ostiralerako ere aldizkako zaparrada ahulak aurreikusi dituzte, egun osoan zehar luzatuko direnak.
- Larunbatean, berriz, martxoak 20, gauerditik 9.00etara mantenduko da abisu horia. Eguna 500-600 metro inguruko elur-kotarekin hasiko da, eta 700-800 metrora igoko da arratsaldean. Prezipitazio ahul eta barreiatuak espero dira egunaren lehenengo erdialderako, mendebaldean, bereziki.