Gizartea -
bitxikeriak
'The New York Times' egunkariak "txapela" hitza erabili du, lehen aldiz
AEBko egunkariak erreportajea egin du Realaren golen berri emateko suziriak botatzen dituen jarraitzailearen inguruan, eta testuan euskarazko berba erabili du estreinakoz.
E. G. | EITB MEDIA
Bada Twitterren The New York Times egunkari estatubatuarrak lehen aldiz erabiltzen dituen hitzak biltzen dituen kontu bat: @NYT_first_said. Lanbidez irakaslea den Max Bittker erabiltzaileak du kontuaren ardura, eta hark berritzen du, egunero-egunero, egunkarian estreinakoz idazten diren hitzen zerrenda. Neologismoak dira gehienak, tartean atzerriko hizkuntzaren bateko hitzen bat ageri bada ere, eta hara non, martxoaren 18an, euskarazko berba bat batu zaio txio jariora: "txapela" (berez "txapelas" idatzi du kazetariak, kirol lehiaketetan garaikur gisa erabiltzen denaz ari denean).
Rory Smith kazetariak idatzitako erreportajeak (The Rocketman of San Sebastian) Juan Iturralde Realeko jarraitzailearen istorioa kontatzen du. Iturraldek suziriak botatzen ditu talde txuri-urdinak gola sartzen duen bakoitzean. Pandemia garaian, "(futbol) taldetik gertuago egoteko" modua bilakatu da, erreportajearen arabera.
Iturraldek "suzirilari" (ingelesez rocketman) lanak egiten ditu, Patxi Alkortak, beste realzale batek, 1968an abiatutako ohiturari jarraiki.
"Txapela" hitza erreportajearen amaieran agertzen da. The New York Times
Iturralderen adierazpenak ez ezik, Ander Izagirre kazetari eta Patxi Alkortaren ilobarenak ere bildu ditu Smithek. Hain justu, horren berba batzuk aipatuta ageri da euskarazko elea. Izagirrek kontatzen duenez, osaba zaharrak "ideia xelebreak" izan ohi zituen. 1968an, esaterako, Mexikora joan zen, Olinpiar Jokoetara, dominaren bat irabazi zuten kirolarien artean "txapelak" banatzera.