Publizitatea
Itxi

2021/03/21

19:28

Gizartea

Txertaketa

AstraZenecaren txertoa asteazkenean hasiko dira berriro jartzen Hego Euskal Herrian

Mikel Domínguez | EITB Media

Bihar, astelehena, Lurralde arteko Osasun Batzordeak dosiak nola jarriko diren zehaztuko du dokumentu batean. Bi egunen buruan egongo dira prest autonomia erkidegoak.

  • AstraZenecaren txertoa.

    AstraZenecaren txertoa. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Asteazkenean, martxoak 24, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa AstraZenecaren txertoa jartzen hasiko dira berriro. Lehenago, Lurralde arteko Osasun Batzordeak ofizialki ekingo dio berriz prozesuari bihar, astelehenean. Lurralde arteko Osasun Batzordeak dosiak nola jarriko diren zehaztuko duen dokumentu bat onartuko dute. Bi egunen buruan egongo dira prest autonomia erkidegoak.

Asteleheneko bileran, Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek AstraZenecaren dosiak jartzeko kanpaina behin behinean gelditzea erabaki zuten. Txertatutako zenbait pertsonarengan tronbosi kasuak detektatu eta gero, Europako zenbait Estatuk agindu bera eman zuten, eta horren ostean etorri zen Lurralde arteko Batzordearen erabakia. Lehenago, hala ere, Sendagaien Europako Agentziak esana zuen txertoa segurua zela.

EMAk ikerketarekin jarraitu zuen, eta behin betiko dokumentu bat plazaratu zuen ostegunean. AstraZenecaren txertoa "segurua" eta "eraginkorra" dela ondorioztatu zuen, nahiz eta ezin izan duten erabat baztertu tronbosi kasu arraroekin harremana dutela, eta Lurralde arteko Osasun Batzordeak txertaketari berriro ekiteko presazko erabakia hartu zuen.

Emer Cooke EMAren zuzendariak azpimarratu du adituak "ondorio zientifiko argira" iritsi direla. Txertoa covid-19aren aurka herritarrak "babesten" ari dela eta ez duela odolbilduen "ugaritzearekin harremanik" ondorioztatu dutela azaldu du.

EMAk ohar bat gaineratuko du sendagaiaren informazioan, medikuan jakin dezan odolbildu kasu batzuk izan direla eta harremana egon daitekeela.

Frantziar Estatuak aldi baterako erabaki bera hartu zuen, baina ostiralean ekin zion berriro txertaketari, eta egun horretan dosiak berriro jartzen hasi ziren Ipar Euskal Herrian.

Asteburuan zehar, Espainiako Gobernuaren eta Osasun Publikoko Batzordearen aholku taldeek EMAren erabakia aztertu dute eta dosi horiek nori jarriko dioten ikertu dute. Astelehenean, Lurralde arteko Batzordeak proposamen horiek eztabaidatu eta behin betiko dokumentu bat onartuko du, txertoaren inokulazioaren inguruko erabakiak hartuz.

Carolina Darias Osasun ministroak azaldu zuenez, AstraZenecaren txertoa ematen jarraitzea erabaki ostean, erkidegoetako gobernuek dena prestatzeko denbora izan dezaten erabaki dute txertaketa asteazkenean berrabiaraztea.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak enpresa-farmazeutiko horren 54.800 dosi jaso ditu eta horietatik 50.474 jarri ditu. Denak lehendabiziko dosiak izan dira, bigarrena hiru hilabetera eman behar baita.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena