Gizartea -
Koronabirusa
Osasun Saila: "Arakatzaileen xedea ez da zigortzea, kutsatzeen katea moztea baizik"
Hala, "birusa transmititzea eragin duen edozein jarduera" miaketa taldeari jakinarazteko eskatu du.
E. G. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak nabarmendu du oso garrantzitsua dela covid-19an positibo eman dutenek "birusa transmititzea eragin duen edozein jarduera"ren berri ematea arakatzaile taldeari. Izan ere, gogorarazi duenez, langile horien helburua ez da "inor zigortzea, baizik eta kutsatzeen katea moztea".
Ohar batean, prebentziorako jarraibide "errazak" gogorarazi nahi izan ditu birusa hedatzen jarrai ez dezan. Kutsatzea saihesteko neurriak dira, baina baita gaixotasuna hartu ondoren ez zabaltzeko ere.
Kutsatzea saihesteko, Osasun Sailak azpimarratu du transmisio-arriskua areagotu egiten dela distantzia laburrean, ingurune itxi eta jendetsuetan, bereziki gaizki aireztatutakoetan, eta aerosolen sorrera handitzen duten jarduerak egiten badira, hala nola, ariketa fisikoa egitea, ozen hitz egitea, oihukatzea edo abestea.
Hori horrela, kutsatzea neurri hauen bidez murriztu daiteke: distantzia mantenduz, baldin eta elkarrekin bizi ez diren pertsonekin bagaude; eskuak sarri garbituz; maskara beti eramanda, batez ere elkarrekin bizi ez diren pertsonekin; espazio itxiak aireztatuz, eta "burbuila" mantenduz, hots, kontaktu gutxi izanda.
Sintomak badituzu, autoisolatu
Era berean, Osasun Sailak azpimarratu du "oso garrantzitsua" dela pertsona bakoitzak arduraz jokatzea birusa hartu duen susmoaren aurrean edo pertsona positibo batekin kontaktuan egon bada. Covid-19rekin bateragarriak diren sintomak izanez gero (sukarra, eztula, eztarriko mina, aire faltaren sentsazioa edo usaimena galtzea, besteak beste), telefonoz jarri behar da harremanetan osasun-zentroarekin. Eta une horretatik aurrera, testa egin arte itxaron gabe, jarrera arduratsuena berehalako autoisolamendua da.
Gainera, sintomak sentitzen hasi aurretik, komeni da azken bi egunetan izandako harreman estuen zerrenda bat egitea, informazio hori zaintzaren eta miaketaren arduradunei helarazteko eta kutsatze-katea lehenbailehen eten ahal izateko.
Hori horrela, nabarmendu du ezinbestekoa dela "birusa transmititzea eragin duen edozein jarduera" miaketa-taldeari zehaztea. "Gogoratu beharra dago zaintza eta miaketa sareak ez duela egindakoengatik zigortzen, bere helburua, ostera, kutsatze katea moztea da", erantsi du.