Publizitatea
Itxi

2021/03/24

16:04

Gizartea

Kontsumoa

Kontsumobidek irregulartasunak atzeman ditu elektrizitate-zerbitzuen salmentan

eitb media

Erakundeak uko egiteko eskubidea gauzatzeko eskatu die bidegabeko salmenta honen helburu izan diren pertsonei.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak bidegabeko jardunbidea atzeman du elektrizitate-zerbitzuen komertzializazioan, merkataritza-gune handietako saltokien barruan kokatu ohi diren standetan. 30 eta 50 euroko opari-txartelen truke kontratu berria edo kontratu-aldaketa sinatzeko gonbidapena egiten diete saltzaileek kontsumitzaileei toki horietan.

Kaltedunen zenbait salaketa-dei jaso ondoren abiarazi zuen Kontsumobidek ikerketa. Irregulartasunak atzeman zituzten orduan, legeak kontsumitzaileen babeserako ezartzen dituen saltoki kanpoko salmenten inguruko betebeharretan.

Kaltedunek lekuan bertan sinatzen zuten kontratua, tablet txiki batean, baldintzen berririk izan gabe. Horien artean, etxeko babes elektrikorako aseguru baten harpidetza, hilean 5,95 euroren truke. Gainera, ez zieten uko egiteko eskubidearen berri ematen, eta ez zuten kontratuaren aurreko arautegia betetzen.

Kontsumobidek ofiziozko akzioak abiarazi ditu, saltoki kanpoko jardunbide horiek ikertzeko. Gainera, gogorarazi du uko egiteko eskubidea erabil daitekeela saltoki kanpoko salmentetan, kontsumitzaileek iritziz aldatzeko 14 eguneko epea baitute. Erakundeak eskubide hori gauzatzera "gonbidatu" ditu bidegabeko salmenta honen helburu izan diren pertsonak, baita Kontsumobiden kexa edo salaketa aurkeztera ere, kontsumitzaileen eskubideak errespetatu ezean. Era berean, praktika horien arduradunei zigorrik ezarriko zaien aztertuko dutela adierazi dute.

Euskal kontsumo-zerbitzuak aldi baterako standetan horrelakorik ez kontratatzeko gomendatu die kontsumitzaileei, baita egin dieten eskaintzaren eta sinatu dutenaren kopia idatzia eskatzea ere.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena