Gizartea -
EAEn
Cannabis kontsumoaren kontrako legea leunduko du Osasun Sailak
Bengoa kontseilariaren arabera, "debekatzeak ez du logikarik. Informazioari eta hezkuntzari esker, bakoitza arduratsu izatea da gure helburua", gaineratu du.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak Menpekotasunen Legearen erregulazio berri bat sartuko du 2012ko lehen hilabeteetan. Erregulazio horrek autonomia gehiago bermatuko dio norbanakoari cannabisaren laborantza, salmenta eta erosketan, orain arteko irizpide zigortzaileak alde batera utziz.
Rafael Bengoa Osasun Saileko kontseilariak bihar Gobernu Kontseiluan onartuko den Mendekotasunen VI. egitasmoa aurkeztu du gaur. Berarekin batera, Jesús María Fernandez Osasun kontseilariordea eta Celina Pereda Drogamendekotasun saileko zuzendaria egon dira bertan.
Bengoaren arabera, "debekatzeak ez du logikarik. Informazioari eta hezkuntzari esker, bakoitza arduratsu izatea da gure helburua", gaineratu du.
Osasun Saileko iturriek diotenez erregulazio honek ez du eraginik izango kode penalak ezartzen dituen zigorretan, honek Estatu osorako agintzen baitu, eta lege autonomiko batek ez du eskumenik bere edukia aldatzeko.
Autonomia pertsonala
Fernandezen arabera, lege horren espiritua cannabisaren laborantzan, salmentan eta erosketan "norbanakoak duen autonomia babestean" datza.
Horrez gain, kontseilariordeak ez du baztertu tabakoaren kontrako legean "pausu bat gehiago ematea". Kotxea bezalako gune pribatuetan edota leku irekietan egiten diren kirol jardueretan erretzea debekatzea planteatu du.