Gizartea -

Fake news

Albiste faltsua: "Hilabete gutxi barru txertatuen % 30 hil egingo dira"

Irudia Twitter, WhatsApp eta Telegram sare sozialetan zabaldu dute. Txertoen aurkako zenbait 'adituk' zitokina ekaitza edo ADE fenomenoa bezalako hitzak erabiltzen dituzte euren tesiak defendatzeko.

Txertoen inguruko informazio faltsu berria sare sozialetan. Irudia: Twitter, WhatsApp eta Telegram
Txertoen inguruko informazio faltsu berria sare sozialetan. Irudia: Twitter, WhatsApp eta Telegram
Txertoen inguruko informazio faltsu berria sare sozialetan. Irudia: Twitter, WhatsApp eta Telegram

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azkenaldian sare sozialetan honako kartela zabaldu dute: “Hilabete gutxi barru txertatuen % 30 hil egingo dira”. Irudia Twitter, WhatsApp eta Telegramen zabaldu dute. Irudiarekin batera testua igorri dute, besteak beste, hurrengo mezua zabaltzeko: “ARNm txertoak datozen 3 edo 6 hilabeteetan despopulatzeko erabiliko dituzte”.

Testuaren bertsio luzeago batean, covid-19aren aurkako txertoa jaso duten pertsonek ustez pairatuko duten zitokina ekaitzaz mintzo dira. Era berean, ARNm txertoek ADE fenomenoa edo gaixotasun autoinmuneak eragiten dituztela diote. Hala ere, Maldita.es eta Cazadores de Fake News bezalako atari ezagunek, besteak beste, argudio eta informazio faltsuak gezurtatu dituzte dagoeneko.

Alexandra Henrion-Caude genetikari frantziarrak adierazpenak egin dituela ematen du, baina irudian Sherri Tenpenny AEBetako osteopata agertzen da.Biak txertoen aurkako jarrera azaltzeagatik ezagunak dira nazioartean. Aldez aurretik, informazio faltsua, engainagarria edo froga gabekoa argitaratu dute. Covid-19aren inguruko lan zientifikoen eta munduko aditu gehienen txerto ikerketen aurka azaldu dira.

Bestalde, Dolores Cahill Dublineko (Irlanda) University Collegeko Medikuntza Fakultatearen biologo eta irakaslea aipatzen du edukiak. Honenbestez, hirurak covid-19 pandemiaren inguruko desinformazioak defendatu izanagatik dira ospetsuak.

Testuaren arabera, Dolores Cahillek egin ditu adierazpenak, eta Alexandra Henrion-Caudek babestu ditu. Cahillek ARNm txertoek zitokina ekaitza eraginda heriotza eragingo dutela adierazi duen aurreneko aldia ez da, baina guztiz faltsua da.

Gaztelaniaz testua gutxienez 2021ko martxoaren 12tik ari da zabaltzen sare sozialetan. Eduki berdina pseudozientziarekin eta ultraeskuineko konspirazio teoriekin (QAnon) lotutako atari batean agertzen da. Hala ere, edukia frantsesetik egindako itzulpen bat dela ematen du. Originala 2021ko otsailean argitaratu zuten.

Informazioa gezurtatzeko argitalpenik zabalena eta zehatzena Snopes.com-ek egin zuen 2021eko martxoaren 1ean.

Sendagirien Europako Agentziak (EMA) Modernaren ARN txertoa merkaturatzeko baimena eman zuenean argi utzi zuenez, txertoaren ARNm ez da gorputzean geratzen:

“Pertsona batek txertoa jasotzen duenean, zelula batzuek ARNm-ren argibideak jarraitu eta aldi batean proteina sortuko dute. Pertsonaren sistema inmunologikoak proteina arrotz bezala hartu eta antigorputzak sortu eta T zelulak (globulu zuriak) aktibatuko ditu, eraso egiteko.

Pertsona SARS-Cov-2 birusarekin harremanetan baldin badago, sistema inmunologikoak ezaguna izango du, eta gorputza defendatzeko prest egongo da.

ARNm ez da gorputzean luzaroan egongo, txertoa jaso eta handik gutxira desagertzen delako”.

Bestalde, informazio faltsuen arabera, ARNm txertoek “antigorputzen hobekuntza bat (ADE)” sortuko dute. Ustez ARNm “etengabe” biderkatuko da gorputz barruan S proteina “zatiak” sortuz. Sherri Tenpenny osteopata estatubatuarraren adierazpenak izango lirateke. Tenpenny txertoen aurkako ekintzaile ezaguna da. Frogarik gabeko adierazpenak dira.

ADE fenomenoaren arabera, antigorputzek birusarekin bat egin dezakete eta zelulen infekzioa erraztu, baina covid-19aren kasuan ez da fenomeno hori identifikatu.

Testu faltsuan erantsi dutenez, ARNm txertoek “gure birikak suntsitu eta antimakrofagoak indargabetuko dituzte, eta birusa zelula barrura eramango dute, han biderkatu ahal izateko”. Sherri Tenpennyk txertoek birikak suntsitu eta heriotzak eragingo dituztela esaten duen lehenengo aldia ez da.

Sherri Tenpennyri zein Alexandra Henrion-Cauderi covid-19 txertoen inguruko desinformazioa zabaltzea leporatu diete nazioarteko atariek.

Zentzu horretan, txertoen inguruko informazio okerra zabaltzen duten webguneen zerrenda eman zuen NewsGuard atariak, horietan Tenpennyren eta eta Henrion-Cauderen edukiak agertzen dira.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Zientziaren hedapena Albiste faltsuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa