Gizartea -

Koronabirusa

Etxeetan bizikideak bakarrik biltzeko araua indarrean sartu da, Aste Santurako

Gaurtik apirilaren 9ra, Lurralde arteko Osasun Batzordeak Aste Santuko oporraldietara onartutako neurriak indarrean egongo dira autonomia erkidego guztietan. Gehiago espero dira EAEn eta Nafarroan.

Terraza bat Gasteizen. Argazkia: EFE
Terraza bat Gasteizen.
Terraza bat Gasteizen. Argazkia: EFE

M. D. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, martxoak 28, indarrean sartu dira Lurralde arteko Osasun Batzordeak autonomia erkidego guztietarako onartutako murrizketak. San Jose zubian indarrean egon ostean, berriz aktibatuko dira Aste Santuan zehar, apirilaren 9ra arte.

Erkidegoen arteko mugikortasunari, gaueko mugikortasunari eta eremu pribatuan zein publikoan egiten diren bilkurei eragiten diete. 2021eko San Jose jaiegunaren eta Aste Santuaren harira osasun publikoaren alorrean jarraitu beharreko jardunbide koordinatuen Adierazpenean daude jasota.

Akordioa hilaren 10an adostu zuten erkidegoek eta Espainiako Gobernuak. Espazio pribatuetako bilkurak mugatzeaz gain, beste murrizketa batzuk jasotzen ditu itunak covid-19aren hedatzea geldiarazteko asmoz. Hala nola, erkidegoen itxiera perimetrala (Kanariak eta Balearrak kenduta), etxeratze agindua (gehienez, 23:00etatik 06:00etara) eta espazio publikoetan bildu ahal daitezkeen pertsona kopurua. Azken horretan, espazio publiko itxietan gehienez lau pertsona elkartu ahalko dira, eta irekietan, asko jota, sei.

Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, Estatu mailako akordioa baino murriztaileagoa da hainbat kasutan martxoaren 5eko lehendakariaren dekretua. Euskadin 22:00etatik hasita dago debekatuta mugikortasuna. Espazio publikoetan, izan itxiak edo irekiak, lau pertsona bil daitezke gehienez. Hortaz, aldaketa bakarra egongo da bi aste hauetan: espazio pribatuan (etxebizitzak, nekazal turismoko etxeak eta tankerakoak) bizikideetara mugatu beharko dira bilkurak.

Edozein kasutan, EAEn neurri murriztaileagoak espero dira. 16:30etan bilduko den LABIk 400 kasutik gorako intzidentzia tasa duten udalerriak edo lurraldeak itxi litzake.

Nafarroan, momentuz, bi neurriri eragingo die Lurraldeen arteko Batzordearen itunak: ostalaritza establezimendu baten barrualdean bil daitekeen pertsona kopuruari (seitik laura igaroko da) eta, EAEn bezala, espazio pribatuko bilkurei (bizikideak bakarrik).

Santos Indurain sailburuak neurri murriztaileagoak iragarriko ditu 13:00etan. Horien artean tabernen barrualdea ixtea dago. Beraz, Nafarroan indarrean egongo diren neurriak Lurralde arteko Batzordean hartutakoak baino murriztaileagoak izango dira ostalaritza establezimenduei dagokienez.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Zientzia Osasun albisteak Aste Santua Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Alarma egoera Anbulatorioak