Gizartea -
Eguraldia
Giro hodeitsu eta freskoagoa espero dugu Aste Santurako
Egunik onena osteguna izango da, epeletik eta, orokorrean, ateri eutsiko diolako. Ostiralean ipar haizea sartuko da, baina batez ere, larunbatean igarriko dugu tenperatura jaitsiera.
E. G. | EITB MEDIA
Udaberriko egun politez gozatzen ari gara egunotan, baina giroa apur bat aldatuko da Aste Santuko jaiegunetan, EITB Mediako Meteorologia Zerbitzuaren eta Euskalmeten iragarpenaren arabera. Ez da, ordea, guztiz makurra izango, baina zeru estaliak eta tenperatura baxuagoak espero dira, batez ere larunbatean.
Osteguna izango da egunik onena, batez ere tenperaturari dagokionez. Goiza epeletik abiatuko dugu, eta leku askotan 20 ºC-ko langa gaindituko da egunean zehar. Kostaldean, 24 ºC-ak harrapa ditzake termometroak, eta 19 ºC-ren bueltan errendituko dira barnealdean. Zeruan hodeiak gailenduko dira, eta orduek aurrera egin ahala ugaritu egingo dira. Egunaren amaieran, tanta batzuk egin ditzake barnealdean, batez ere mendebaldean. Dena dela, egitekotan euri txikia izango da.
Ostiralean, ipar haizea sartuko da, eta giro freskoagoa igarriko dugu. Beroenak 17-19 ºC-koak izango dira, eta hotzenak, 7-11 ºC-ren bueltan. Giro estaliagoa izango dugun arren, goizean ateri eutsiko dio. Arratsalderako, baina, ez da baztertzen barnealdean zaparradaren bat botatzea.
Larunbatean, giro desatseginagoa espero dugu. Zerua oso hodeitsu egongo da, batez ere iparraldean eta kostaldetik gertu, eta zirimiria egin lezake hainbat txokotan. Tenperaturak ere nabarmen egingo du behera, eta termometroak ez dira 15 ºC-tik igaroko.
Igandean, ildo beretik jarraituko du, baina ateri eutsiko dio eta ostarte handiagoak ikusiko ditugu zeruan. Aipagarriena tenperatura jaitsiera izango da, minimoak 3 eta 8 gradu artean ibiliko baitira.
Astelehena egun hotza eta euritsua izan daiteke, betiere modelo meteorologikoek emandako joeraren arabera. Dena dela, ordura arte egun batzuk falta direnez, iragarpen fidagarriago baten zain egoteko deia egin dute meteorologoek.