Gizartea -
NAFARROA
Erratzun piztutako baso suteak 200 hektarea inguru erre ditu
Suak Hauza mendiari eta Iñarbil auzoari eragin die, eta sastrakak eta oteak erre dira gehienbat. Perimetro ia dena kontrolpean hartu dute, zati baten faltan.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Nafarroan, astelehen gauean Erratzun piztutako baso suteak 200 hektarea inguru erre ditu dagoeneko. Sastrakak eta oteak erre dira gehienbat.
Suak Hauza mendiari eragiten dio, Iñarbil auzoan. Hala ere, ez du baserri edo bordarik kaltetu eta inguruan ez dago biztanlegunerik.
Gauerdian, suhiltzaileek perimetroaren zatirik handiena kontrolpean hartu dute, zati baten faltan, Nafarroako suhiltzaileek beren Twitter kontuan jakinarazi duenez. Gaur jarraituko dute lanean.
Ingurune malkartsua denez eta azken orduotan hego haizeak bazterrak gogor astindu dituenez, suhiltzaileak suari aurre egiteko arazoak izan dituzte.
Eguraldiak laguntzen badu sua airetik itzaltzen ahaleginduko direla adierazi dute Nafarroako Gobernuko iturriek. Hala ere, oraingoz baldintzak ez dira egokiak eta haizeak hegotik jarraitzen du.
Oronozko eta Cordovillako suhiltzaileekin batera Foruzaingoaren agenteak ere bertan dira.