Gizartea -

KORONABIRUSA

Eusko Jaurlaritzak txertaketa bizkortu nahi du apirilean

Horretarako, txertoa jartzeko zenbait eremu handi prestatu dituzte. Badirudi geroz eta dosi gehiago jasotzen ari direla.

Txertaketa Gasteizen. Artxiboko argazkia: EFE
Txertaketa Gasteizen
Osasun Sailak 75.788 txerto jartzea aurreikusi du egun hauetan

1:36

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila apirilean covid-19aren aurkako txertaketa bizkortzeko lanean ari da, eta, horretarako, txertaketa-eremu handiak prestatzen dihardu, tartean Illunbe eta BEC.

Gainera, badirudi geroz eta dosi gehiago iristen ari direla Osakidetzaren eskuetara, izan ere, aste honetan Pfizerren 37.000 eta Modernaren 22.000 txerto jasotzea espero da, eta ostiralean AstraZenecaren 43.200 iritsiko dira. Era berean, ez da ahaztu behar hilabete honetan emango dituztela Janssenen lehenengo dosiak ere.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aste honetan iragarri du Barakaldoko BEC ere txertaketa-gune izango dela, eta egunean 5.000 dosi jartzeko gaitasuna izango duela. Asteburu honetan bertan hasiko da txertaketa gune horretan, baina "txertaketaren erritmoa dosien eskuragarritasunaren araberakoa" izango da, Osasun Sailaren esanetan.

Sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu zuenez, zentroan hiru erakunde sanitario integratu (ESI) hauetako 65 urtetik beherako herritarrak txertatuko dituzte: Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta, Barakaldo-Sestao eta Uribe.

Bizkaiko bigarren txertaketa-gune erraldoia izango da BEC, Bilboko Casilla (egunean 3.500 dosi) pabiloiaren ostean. Donostian, Illunbe eta Reale Arena ere jarri dituzte martxan, eta, Gasteizen, Lakua frontoia.

Orain arte, 379.462 txerto jarri dituzte Euskadin, eta 100.000 pertsona immunizatuta daude dagoeneko.

Guztira, Pfizer-Biontechen 276.923 dosi eman dira (104.221 bigarren dosian), Modernaren 15.447 (3.518 bigarren dosi) eta AstraZenecaren 87.092.

Orain arte, EAEk 469.000 txerto jaso ditu, horietatik 315.900 Pfizerrenak, 52.900 Modernarenak eta 100.200 AstraZenecarenak. Bigarren dosirako erreserbatutako txertoak 10.800 dira Pfizerren kasuan eta 2.950 Modernarenean.

Gainera, apirilean iritsiko da Janssenen dosi bakarreko txertoa, 65 urtetik gorakoentzako izango dena.

Hitzordua

Lehen dosia ematen dietenean, 80 urtetik gorakoek bigarrenerako hitzordua jasotzen dute. Osakidetza ere etxebizitzetara joaten ari da, bidaiatu ezin dutenen kasuetan. Horrela, 9.948 lagunek jaso dute txertoa etxean.

65 urte edo gutxiago dituzten pertsonen kasuan, berriz, Osakidetzak zitazio-kanal mistoa erabiliko du. Kasu horietan, SMS bat bidaltzea erabakiko da, hitzordua Euskal Osasun Zerbitzuaren webgunearen bidez eskatu ahal izateko. Hala ere, edozein gorabeheraren aurrean edo SMS bidez kontaktuan jartzeko daturik ez balego, Osakidetzak telefonoz deituko luke.

Bi kasuetan, Osakidetza herritarrekin harremanetan jarri arte itxaron behar da, eta Euskal Osasun Zerbitzuak erabakiko du noiz eta nora jo.

Lotururarik ez tronboekin

Sendagaien Europako Agentziaren (EMA, ingelesezko siglengatik) Farmakozaintzako Arriskuen Ebaluazio Batzordeak berretsi du ez duela arrisku-faktore espezifikorik identifikatu, hala nola adina, sexua edo koagulazio-aldaketen aurretiazko historial medikoa, tronboen eta AstraZenecaren txertoaren arteko lotura ezartzen duena. Gogorarazi behar da sendagai hori dela 65 urte arteko pertsonei jarriko dietena.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak