Gizartea -
2012
Gasteiz Europako Hiriburu Berdea izango da gaurik aurrera
Joan den urriaren 21ean aukeratu zuen Europako Batzordeak Arabako hiriburua. 2013an, Frantziako Nantes hiriak hartuko du lekukoa.
Erredakzioa
Hanburgoren lekukoa hartu du gaur Gasteizek, Bruselan, eta 2012 urtean Europako Hiriburu Berdea izango da. Hiru hamarkadetan natura berreskuratzeko egindako lanak iraunkortasunaren erakusle egin du Gasteiz.
Arabako hiriburua (239.000 biztanle) 500 hektareatako baso batek inguratzen du eta oinez edo bizikletarekin egiteko 50 kilometroko ibilbideak ditu. Horiek izan dira, bestek beste, Europa konkistatzeko erabili dituen ezaugarriak.
Joan den urriaren 21ean aukeratu zuen Europako Batzordeak Arabako hiriburua. 2013an, Frantziako Nantes hiriak hartuko du lekukoa. Bartzelona, Malmö (Suedia), Nuremberg (Alemania) eta Reykiavik (Islandia) hiriak gainditu zituzten.
Europako Parlamentuan, Bruselan, Hanburgoren lekukoa jaso du Gasteizek. Ekitaldira joan da Javier Maroto alkatea.
Gaur, gasteiztarrek hiriburutza ospatzeko aukera izan dute. Udalak bizikletan martxa bat antolatu du. Gainera, Udaleko plazan, "Green gara" leloa argitu duten bizikleta batzuk ere jarri ditu.
Hala ere, egitaraua 2012 urtean zehar garatuko da. Gasteizko Udalak hogei ekitaldi inguru biltzen dituen egitaraua prestatu du. Horrela, hiriaren ezaugarri diren proiektu berdeen berri eman nahi du hiriak nazioartean.
Ekoturismoa eta ekitaldi berdeak sustatu (Jazz Jaialdia edo Azkena Rock), boluntarioen talde berdea sortu eta bizikletaren erabilera bultzatu nahi du, besteak beste, Gasteizek datorren urtean zehar.
Gainera, ekainean, Gasteiz Rio de Janeiron egingo duten goi-bilerara joango da.