Gizartea -
Kopako finala
Jaurlaritzak istiluak gaitzetsi eta ospakizunetan arduraz jokatzeko eskatu du
Zupiriak larunbateko "gizalegearen kontrako jarrerak eta jokabide antidemokratikoak" kritikatu ditu. Lehendakariak erantzukizuna eskatu die zaleei.
M. D. | EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak segurtasun neurriak errespetatzeko deia egin dute berriro, Errege Kopako euskal finalaren ostean. Exekutiboak, Reala zoriontzeaz gain, larunbateko jende pilaketak eta istiluak gaitzetsi ditu.
Urkulluk zorionak eman dizkio Realari Athletic gailenduta Errege Kopa irabazteagatik, eta titulua erantzukizunez ospatzea eskatu du, "ez dagoelako osasuna eta bizitza baino ezer garrantzitsuagorik".
Sare sozialetan argitaratutako mezu batean, lehendakariak Donostiako taldea zoriondu du, baita bi taldeak ere. "Zelaian kirol festa bizi izan dugu, Kopa etxean geratu da eta orain etxetik ospatu behar dugu", azpimarratu du.
Esan duenez, "ez dago osasuna eta bizitza baino ezer garrantzitsuagorik", eta gogorarazi du "birusaren aurkako partida ere irabazi behar dugula". "Erakutsi dezagun elkartasuna eta zintzotasuna. Sentimenduz ospatu, arduraz jokatu", gehitu du.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, bestalde, larunbateko "gizalegearen kontrako jarrerak eta jokabide antidemokratikoak" kritikatu ditu. Esan duenez, "alkoholaren gehiegizko kontsumoarekin daude lotuta".
EAJren Aberri Batzarra hasi baino lehen egin ditu adierazpenak Zupiriak. Larunbatean, partidaren aurretik, milaka gazte bildu ziren Bilboko Poza kalean, eta istiluak izan ziren. Donostiako Alde Zaharrean ere jende pilaketak izan ziren, istilurik gabe.
Bozeramaileak "gutxiengo" bat diren zenbaitzuen "gizalegearen" eta "demokraziaren kontrako" jarrerak kritikatu ditu.
Bere ustez, jarrera horiek "ez diote elkarbizitzari mesederik egiten, gure eta besteen osasuna babesteko neurriak hartzera behartuta gauden honetan". Bere ustez, gainera, "alkoholaren gehiegizko kontsumoarekin daude lotuta".
Zupiriaren ustez, ospatzeko arrazoia da Realaren garaipena, baita Aberri Eguna ere, baina esan du "modu seguruan" ospatu behar dela, eta bakoitzaren "ardura" eskatu du, "ez garelako bizi Estatu polizial batean".
Istiluak "erabat ulertezinak eta onartezinak" dira Aburtorentzat
Juan Mari Aburto Bilboko alkatearentzat "astapotro talde batek" sortutako istiluak "erabat ulertezinak eta onartezinak" dira.
Esan duenez, istilu horien protagonistek "ez dute inor ordezkatzen", ez Athletic ezta Bizkaiko hiriburua ere.
Alkateak esan duenez, jarrera horiek "ez doaz bide onetik, benetan irabazi behar dugun neurketa bizitzaren aldeko partida baita", covid-19ari aurre egiteko osasun neurriak beteta. Egiten ez duena "bakoitzaren eta guztien osasuna arriskuan jartzen ari da", esan du.
Urkullu aurreikuspen faltagatik kritikatu du Iturgaizek
Sare sozialetan argitaratutako mezu batean, EAEko PPko presidente Carlos Iturgaizek "Athleticeko baloreak eta koloreak ordezkatzen ez dituzten norbanakoek" sortutako "istilu deitoragarriak" gaitzetsi ditu.
"Eta orain Urkulluk esatea hausnartzeko asko dagoela… Aurreikusi, askoz aurretik, hori egin behar da", gehitu du.
Ardura Euskal Herriko Itzulian ere
Bihar Itzulia hasiko da Euskal Herriko errepideetan. Horren harira, "nazioarteko tropeleko txirrindularirik onenak Euskadiko errepideetan gozatzeko aukera" izango dela esan du Zupiriak, baina nabarmendu duenez, "horiek etxetik ikusi behar ditugu".
"Bihar Begoñako santutegira edo hurrengo egunetan mendietara joatea saihestu behar dugu, eta ikuskizun hori telebistan ikusi behar dugu", esan du.
Eskatu duenez, "gure eskuan dagoen guztia egin behar dugu gutxieneko bizitza sozial bat baino ez egiteko, osasun eta segurtasun neurriak errespetatuta, eskuartean daukaguna oso gai serioa baita".