Gizartea -
Diskriminazioa
Etorkinek Bilboko higiezin agentzien diskriminazioa salatu dute
Higiezinen agentzietara une ezberdinetan joan diren espainiarren, Saharaz hegoaldeko pertsonen eta magrebtarren esperientzietan oinarritu da ikerketa
Erredakzioa
SOS Arrazakeria eta Espainiako Errefuxiatuarekiko Laguntza Batzordeak (CEAR) Bilboko higiezin agentziek praktikatzen duten diskriminazioa salatu dute. Elkarte horiek aurkeztutako txosten baten arabera, diskriminazio hori etxebizitzen alokairuan eskatzen diren aurrebaldintzetan oinarritzen da.
Ikerketa Tinixara Guanche CEAR-Euskadiko eta Miguel Angel Navarro SOS Arrazakeriako ordezkariek aurkeztu dute Bilbon egindako prentsaurrekoan. Bizkaiko hiriburuko 29 higiezin agentziatan eginiko ikerlan horretan Magrebeko eta Saharaz hegoaldeko 20 pertsonak hartu dute parte.
Ikerketa momentu ezberdinetan higiezinen agentzietara joandako espainiar baten, Sahara hegoaldeko pertsona baten eta magrebtar baten esperientzian oinarritu da.
Emaitzek alokairuan dauden etxebizitzen zerrenda bikoitza eman dute ezagutzera: bertoko pertsonek % 80ko etxebizitza eskaintza gehiago dituzte etorkinek baino.
Erantzunak, interfonoz edo atearen bestaldetik
Boluntarioak antzeko lan, soldata eta familia egoerarekin aurkeztu dira agentzien aurrean, eta auzo bereko etxebizitza mota berdinak eskatu dituzte. Horregatik, erantzunak ikusita, ezberdintasuna "herritartasunari" egotzi diote.
22 aldiz etorkinak modu ezberdinetan hartu dituzte, hala nola "atearen bestaldetik edo interfonoz erantzuten, itxaronaldi luzeak eskatuz, Interneten bilatzeko gomendatuz edo alokairuak enpresei soilik egiten dizkietela esanda", azaldu du Navarrok.